Orroaldia
Ugaztun otzan eta abegitsu samarra da, nonbait, oreina; zaindu-erraza, antza, gero eta ugariago biltzen ari baita, hainbat urtetan galzorian-edo egon ondoren. Basoen hustutzeak, natura-parkeek, izadi-zaletasunak, ehiza-gidatuak, baserri-turismoak eta bestek areagotu dute azken urteotan denetariko "baso-ahuntzen" zabalkundea.
Kataluniatik Asturiasera bitartean, edozenbat lekutan ikusi eta entzun daiteke egunotan oreinen orroaldia. Sekulako ikuskizuna gero, entzun ez ezik, ikusi ere ikusi daiteke-eta, hurbiletik ez bada ere. Hori bai, leku aproposa aurkitu behar.
Gurean, urrutira joan beharrik gabe, Gorbeiaren arabar isurialdean, orroaldia bertatik bertara jarraitzeko aukera izan da irailaren 4tik urriaren 8 arte, Zuia eta Zigoitia aldean, gehienbat.
Aldundiak bidezidorrak itxi izan ditu, eta --oinez, zaldiz zein mendi-bizikletaz-- bertaratzeko aukerak murriztu. Baita, entzuteko, behatzeko eta argazkiak ateratzeko baimenak arautu ere, ahalik eta trabarik gutxien egite aldera.
Gu, hala ere, Euskal Herritik kanpo ibili gara.
Ar parea, elkarri adarka, eta emeak, adi-adi, begira
Horra non, orroaz ziharduela, bat-batean, entzun edo sumatu gaituen
Ustekabean, arrapaladan, orkatzak eta basakerrak (mufloiak), aurrez aurre. Uste baino animalia gehiago bizi da gero basoan!
Lirudikeen baino bareagoa da basurdea. Batez ere gose ez bada eta kumerik zaindu beharrik ez izan
Basurde-taldea atzekaldean, bere kasa, bazkatzen lasai asko