Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Merkatu-lehiari uko egiterik bai ote?

Merkatu-lehiari uko egiterik bai ote?

Amatiño 2012/04/28 15:45
Ardatz nagusi bi ditu egungo ekonomia-ereduak: lehia eta irabazkin-xedea. Baina paradigma berria zera dateke: lankidetza eta ororen ongia. Utopia ote? Auskalo, baina honezkero 2.500 inguru enpresa, erakunde eta gizabanako abian ari omen dira asmo horretan.

Christian Felber-ek “La economía del bien común" idatzi zuen 2010ean eta atzo hitzaldia eskaini, Sarrikon*. Irakasle austriarraren abiapuntuak guztiz zentzuzkoa ematen du, alegia: gaur egun Europan indarrean dauden bost balore politikorik nabarmenenak  giza-duintasuna, elkartasuna, iraunkortasun ekologikoa, gizarte-justizia eta eskuartze demokratikoa zein gardentasuna baldin badira... zergatik ez dira bostok orobat ekonomia-eremuan ezartzen?

Felberrek salatu bezala, nazioen eta  estatuen arrakasta Barne Produktu Gordinaren arabera erabakitzen den arren, zorioneko BPG horrek ez ditu kontuan hartzen --eta are gutxiago, neurtzen--  konfiantza, zoriontasuna, eskuzabaltasuna, gizarte-oreka, genero-berdintasuna, hezkuntza-programak, etxebizitzak, zerbitzuak, lanpostuak edo elikadura-aukerak bezalako gaiak.

Honezkero 114 erakunde, 621 enpresa eta 1939 gizabanako (gehientsuenak europarrak) elkarrekin lanean ari dira "ororen ongiaren ekonomia" sustatu gurarik. Eta, besteak beste, proposatuko omen dute merkaturatzen diren produktuen ekoizpenetan  harako bost baloreak (giza-duintasuna, elkartasuna, iraunkortasun ekologikoa, gizarte-justizia eta eskuartze demokratikoa) zein neurritan betetzen diren zehaztea, erosleak --ohiko osagaiak bailiren-- aurretiko informazio hori izan dezan. Baita aldarrikatu ere, baldintzok betetzen dituzten enpresentzat, zergak eta arantzelak murriztea eta kreditoak zein lehentasun publikoak erraztea.

Bapo, agur lehia, gora lankidetza. Baita ekonomian ere. Bai ote? Erronka berria denik, behintzat, ezin uka. Euskal kooperatibismoaren merkatu-arrakastak ez baitio, sekula, lehiakortasunari muzinik egin. Baina... egiterik ba al dago?

Christian Felber

Christian Felber

Antolatzaileak: AURKILAN. Business Ethics Research Institute, EHUren Finanantza Ekonomia II Saila eta Arizmendiarrietaren Lagunak Elkartea

 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: