Oro da hizkuntza, mintzaira eta adierazpide
Artista jendea artista jendea da. Eta artista plastikoak, zer esanik ez. Badira euren margoen esanguraz galdetuz gero zeharo haserretzen direnak, artea hitzez azaltzerik ez dagoelakoan, eta badira euren sorkuntzaren erroak eta adarrak azaldu beharra sentikor bizi dutenak. Nisa Goiburu azken hauetakoa da.
Dena lengoaia da, oro da hizkuntza, hizkera, mintzaira, adierazpidea… Eta Nisak gogoko du bere barne-muinetako laberintoan ernaltzen diren sekuentzien berri ematea: intuizioa, pentsamendua, barne-ezagutza, lanketa, adiera, interpretazioa, jendaurreko harremana…
Egon-ezin, nahikunde, gurari eta ezkutuko grina honen larrainean burutzen ditu Nisak, gero eta gehiago lantzen dituen performanceak, “ni ere eskultura naiz-eta, sentimenduz josita bizirik dagoen eskultura”.
Madrilgo performance honetan Nisak aparteko lagun izan zuen Inma Goiburu (lehengusina), piano eta solfeo irakaslea, eta Ordiziako Santa Ana Abesbatzaren zuzendaria.
Aipagarri gero, bene-benetan, Inmaren ekarpena, hitz-soinuz, hotsez, garrasiz eta txilioz, Mikel Laboaren (Baga, biga…) oroitzapenezko lekaioez eta guzti. Nabarmen ona.
Nisa Goiburu eta Inma Goiburu, Madrilgo Ateneoan, aurreko igandean