Orioko parrokiatik bertako hondartzara, Donostian zehar
Izan ere, nork esango gero, Oriotik Igeldo gainerainoko maldarik latzenak herritik atera aurrekoak direla: %12koa* Kale Nagusian zehar eta %10ekoa Tourseko San Martin ermitaraino.
Osterantzean, San Martinetik Donostiako Igara auzoraino --Itzaiz baserri albotik eta Aginagako lurraldeetan barrena-- pasealeku arin samarra da, hurrengo pendiz seriorik (%10) ez da-eta Igeldoko bideraino (Aita Orkolaga). Eta behin gaina hartuz gero, bi kilometro luze aldapan behera, ia-ia itsasoraino bertaraino. Amama.
Jaitsitako guztia igo egin behar denez gero, ordea, Lapabide kaletik Agitin zehar, %11ko aldatsa dago berriro ere. Gainez gain, Kukuarri ingurutik, ikuspegia sekulakoa da Ondarroa eta Lekeitioraino, lanbrorik, gandurik edo behe-lainorik ez da bada behintzat.
Maldan behera, Orio sarrera inguruko errotondan, herri aldera jo beharrean, iparrera abiatu, eskuinerantza, itsaso aldera, Orioko bokale gaineko ezusteko balkoi ederrarekin topo egin arte. Ezinbesteko argazkia atera eta, aldapan behera, Itxaspe basetxeraino jarraitu.
Hemendik, Orioko bokale-kanpoko behatokiraino kilometro inguru baino ez dago. Hori bai, kilometro benetan traketsa, joan-etorri osoko pista bakarra, bidezidor harritsua eta hautsia, lantzean behin, sarritxo, bizikleta eskuan hartu eta oinez jarraitu beharra eskatzen duena.
Pista txarra itsaslabar gaineko behatokira heldu bezain laster amaitzen da, eta aurrerantzean, Plaiaundiraino, zementuzko galtzada. Euskal kostaldean batere ohikoa ez den arren, honako honetan bidea itsasotik lehorrera sartzen da, olatuen parez pare, 'ifarrak' bizkarretik edo gibeletik jotzen duelarik.
Plaiaundin gaude, Antilla deritzan hondartzan. Jendeak pintxo-janean dihardu edo, uretan, neoprenoz jantzita. Eta hainbatek kirikatzen du, zeharretara, ez ikusi eginez, pentsatuko balu bezala: pijo hauek zer egiten dute hemen txirrindulari jantzita?
*Omen... Niri, bizikleta gainean, nabarmen gehiago iruditu zitzaidan.