Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Oreka berri bila

Oreka berri bila

Amatiño 2021/03/26 12:00
Aitortu behar dut zalantza-susmoa izan nuela, jakin bezain laster, Kalakan “jantzi elektronikoaz” agertzekoa zela Donostian, 'Artizar' deitu bosgarren diskoa aurkezteko. Eta zalantza bekozko ilun bihurtu zitzaidan “Xoriñoa kaiolan”* deloakoari ekin ziotenean. Ai ama!

Hala ere, susmoa susmo, nago, handik aurrerako kantak ez ote ziren zertxobait gozatu, txukundu edo, gutxienez, bideratu. Halaxe iruditu zitzaidan, behintzat. Eta ez nuke, bederen, pentsatu nahi, hasierako molde ezatseginetara ezustean –eta horren azkar--- ohitu nintzenik, nahiz, egia esan, ni, inondik ere, belarririk onena ez izan.

Kalakanek ez du, noski, aurkezpenik behar, ez baita alferrik –Katia eta Marielle Lebèque ahizpen eraginez edo— nazioartean gehien ibili izan diren euskal taldeetakoa. Aitona zaharraren musikazaletasuna beste mundu batekoa ote den errezelo osoa duen bilobak ere zera esan zidan, behingoz aitxitxa kontzertu "normal" samarrera abiatuko balitz bezala: “Madonarekin kantatu zebenak, ezta?”

Jakina, gero, Xan Errotabeherek, Jamixel Bereauk eta Bixente Etchegarayk dezente ondo kantatzen dutena. Baina, horrez gainera, aurreko igandean frogatu ere frogatu zuten, Victoria Eugeniako oholtza gainean, ikuskizun atseginik atontzen ere jakin badakitela. Alegia “oreka berri baten bila kantu zaharretik abiatze” nahi (komertzial?) horretan gauza direla eskaintzeko begiko izan daitekeen ekitaldi aproposik, euskal publikoarentzat zein hain euskal ez den ikusentzule-motarentzat.

Egia esan, eta kalitateari ukorik gabe, ea nor den gai elkarrekin biltzeko, ordubete soilean (ondoko ia ordu erdia agurretan, propinatan eta kalejiratan joan zen), Kalakan hirukotea, Basabi musika-taldea, Berzaits anaiak, Aukera dantza-taldea eta txalapartari parea. Gustuko izan ala ez, nekez behintzat inor askorik aspertaraziko.

Azpimarratzekotan, ohiko “Kantuz” eta “Maitia non zira”. Baita gogoan hartzekoak ere Xalbadorren bertsoak eta, hain zuzen, gogoangarri, 1967ko Txapelketa Nagusian Anoetan paratutakoaren oihartzuna. Nabarmentzekoa, bestalde, “O Fortuna” (Carmina Burana, Carl Orff) Erdi Aroko poemaren ekarpena; ahaztekoa, agian, Georgiako kantu bakarra; eta, ondo baino hobeto amaitzeko, berriz, “Tupintegiko Panpili” konpartsa alai girokoa.

Ondoren, txalo-zaparrada maitakorra, oihala jaitsi eta, foyerrean, sinadura eta guztiko CDen salmenta arrakastatsua.

*Xoriñoa kaiolan

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: