Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Ordurik gabeko hitzordua

Ordurik gabeko hitzordua

Amatiño 2023/07/15 08:50
Maurizio Elizalde txistulari baztandarra elkarrizketatu nahi izan nuen, 1974ean., eta aldez aurretik hitzordua eskatu. Elkarrizketa egiteko aukera eman zidan birritan esan beharrik gabe, ordurik ez zidan, ordea, sekula eman. Zer egunetan? Goizez ala arratsaldez nahiago ote? Zein ordutan? Ez zidan inoiz erantzun zehatzik eman. “Ni hemen nago beti. Nahi duzunean etorri.”
Ordurik gabeko hitzordua

Maurizio Elizalde

Mariano Izeta
Mariano Izeta, erloju-dendan, 1974
Egiptoarrek arautu omen zuten 24 orduko eguna duela 3.500 urte inguru. Edozein modutan, aurretik zein geroztik, milaka urtetan gizakia erlojuari begiratu gabe bizi izan zen. Ez zuen erlojurik behar izan ehizatan, artzaintzan edota nekazaritzan aritzeko. Industriak etorri behar izan zuen erlojuaren diktadura ezartzeko. Ordu kolektiboa trenak finkatu omen zuen XIX. mendean, geltokiak errenkadan eta tokian tokiko bidaiariak elkarrekin aldi berean bildu behar izateko.

 

Gizarte postindustrialak, ostera, erlojua erantzi digu eskumuturretik eta smartphoneenpeko lotura ezarri. Ez, soilik, ordua adierazteko, alarma jartzeko edo agenda finkatzeko, baita norabait joateko behar izango dugun denbora aldez aurretik iragartzeko ere. Afrikan esan ohi dute han badutela Europa aberats eta handikiak ez duen ondare baliotsua: astia.

Egun zibilizazioa presaka eta arrapataka bizi da, ezertarako denborarik gabe. Eta, ezustean astiz suertatzen denean, nahiago izaten du edozer egitea aspertzearen beldur noraezean geratzea baino. Egungo umeteriak dena nahi du orain eta hemen. Baina ez dira horrela jaio, erakutsi egin diegu. Balirudike estresaren adrenalinarik gabe nekez iraungo genukeela. Medikuntzaren esanetan, ondorioak jakinekoak omen…egonezina, antsietatea, larritasuna, estuasuna, sosegurik eza eta depresio soziala.

Edozelan ere, ahaztu egin zaigun arren, erlojurik eza ez da, ordea, neolitiko garaiko kontua, soilik. Oraintsuagokorik ere bada, batere urrutiegi joan beharrik gabe. Nik, behintzat, ezin ahaztu Maurizio Elizalde txistulari arizkundarrak (Amaiurren jaioa) orain dela ia mende erdi eman zidan ordurik gabeko hitzordua.

1974eko Sanjoanetan Elizondon ginen emaztea eta biok, gure lehen bi seme-alabekin (1), bizpahiru egunetako opor-girotan, Eibarren jaiegunak zirela-eta. Lauok joan gintzaizkion Arizkungo Aintzialde hauzoko Martintonea baserri-atarira (2), elkarrizketatzeko asmoa azaldu eta hurrengo egunetakoren batean noiz ote legokiokeen ordurik aproposena galdetuz.

Gozo, apal, maitakor eta adiskidetsu hartu gintuen, ez, baina, ordurik zehaztu. Nahiz eta,  behin eta berriz,  zer egun eta ordu ote zitzaizkion egokien galdetu, erantzun zehatzik jaso ez, ordea. Gu bezalako bikote kaletarra elkarri begira, aho zabalik, zergatik ez ote zigun batere zehaztasunik eman nahi ulertu ezinik. Elizalde zenak, aldiz, ez zigun nonbait ulertzen zertarako behar ote genuen ordurik finkatu, bera bertan bizi izanik, eta alde egiteko batere asmorik ez zuenez gero, edozein orduk berdintsu balio zuelakoan-edo.

Izan ere, orduak zentzurik izan zezakeen Iruñerako autobusa, hanka egin aurretik, sasoiz hartzeko edo herriko jaietan txistua alkateak erabakitako unean jotzeko; baina, horratik,  Mauriziok berak bere etxean inorekin hitzegiteko? Hitzordua? Nork jarri ote zezakeen ba araurik edo bestelako mugarik Martintonean? Eta, gainera, zergatik edo zertarako?

1) Artean,  hirugarrena Gabonetan jaiotzear.

2) Paradoxa bada ere, helbidearen berri Elizondoko erlojugileak eman zigun, Mariano Izetak,  Bidasoa ondoko karrikan zuen erloju-dendan. Adiskide nuen Izeta idazle (Dirua galgarri, Auspoa, 1962) eta dantzaria (mutildantzaren sokaburu, “aunitz urtez”), eta sarri samar bisitatu izaten nuen, besteak beste,  Mariano berak eman ohi  zizkidalako “Baztandarren Biltzarra"ren datuak, Zeruko Argia astekarian argitaratzeko. 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: