Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Ordainetan

Ordainetan

Amatiño 2011/03/15 23:56
Ondo dago telebistak eskaintzen dizkigun irudiez larritzea. Baina, telebistan agertzen ez den arren, Txinan sekulako exodoa gertatzen ari da itsasbazterrerantza, gehienen helburua auto bana erostea da, eta hurrengo bizpahiru hamarkadatan berrehun zentral nuklear abian jartzeko asmoa dute. Faktura “hilaren” azkenean etorriko da. Edo lehenago. Merezi ote duen geroak esango du.

Gaur egun 1,5 milioi inguru pertsona hiltzen dira urtero munduan auto-istripuz (120.000 hilero, 30.000 astero, 4.000 egunero). Hamar urte barru bi miloitik gora izango omen dira. Eta besterik iruditu arren, trafiko-istripuen biktimen hamarretik bederatzi herrialde  behartsuetako biztanle dira eta gehienak, gainera, euren bizitza guztian zehar autoa erosteko beste diru sekula izango ez luketenak. Europari dagokionez, berriz, auto-istripuen kalte-ordainak BPGren %2 adina da eta ospitaletako hamar ohetik bat istripuz zauritutakoek behar izaten dute.

Auto-istripuak dira egungo gizartearen minbizirik handienetakoa. Gazteen artean lehen heriotza-kausa eta 2020 urtetik aurrera, adin guztikoen artean, hirugarren zergatia izango da. Hala ere, mendebaldeko herrialde garatuetan inork ez du autorik utzi nahi eta garatzear daudenetan autoa da oinarrizko bizi-kalitatearen lehen ikurra. Ezin uka autoak bere aje handiak dituena (4.000 hildako egunero), baina aje horiek jasateko gertu gaude autoaz baliatu ahal izanaren ordainetan. Nonbait erabaki dugu balantzak merezi duela.

Hilaren 11ko lurrikara eta tsunamiaren ondotik, Japonia ari omen da bizitzen II. Mundu Gerra ostetik honako unerik txarrena. Beharko gero ordukoa oraingoa baino txarragoa izan, Hiroshima eta Nagasakiko bonbardaketen eraginez  220.000 japoniar hil baitziren. Oraingoan  baino hogeitaka bider gehiago.

Japonian izan bide diren hildakoen kopuruari dagokionez, hamar mila lagun ikaragarri asko dira baina, hala ere, iaz Haitin hil ziren 316.000 baino askoz ere gutxiago eta 2004an Indonesiako tsunamiaren ondotik galdu ziren 250.000 baino dezente urriago.

Japoniaren datu hobeak ez dira japoniarrak argiagoak direlako, prestatuagoak daudelako baino. Prestatuagoak daude gizarte aberatsago, landuago eta arautuago dutelako. Eta, onerako nahiz txarrerako, energia nuklearra ere gizarte aberatsago, landuago eta arautuago horren partaide eta eragile izan delako. Japoniak kanpoan lortu behar izaten du bere energia-baliabideen (petrolioa, ikatza, gasa..) %80a, eta kontsumitzen duen argindarraren %25 nuklearra da. Zelan bestela egunero erantzun 130 milioi biztanleren eskariei? Hau guztia balantzan jarriko dute azken egunotako krisialdiak --ordainetan--  merezi ote duen ala ez neurtzeko.

Gure aitona zena jaio zenean, 1.250 milioi lagun bizi ziren munduan. Ni jaio nintzenean 2.500 milioi eta nere bilobak jaiotzerakoan, berriz, 7.000 milioi. Aitona baserrian hazi zen eta ez zuen sekula autorik izan. Haren seme-alabak kaletarrak izan ziren eta auto bat erosi familiako. Ondorengoek auto bana dute bakoitzak eta itsasaldean bizitzeko guraria azaldu, bost kontinenteetan nagusitzen ari den joera orokorraren ildo beretik. Honi guztiari, ordainetan, fakturaren bat dario, eta behingoz erabaki beharko dugu merezi ote duen, noiz, non eta nola.

Eztabaidatu beharrekoa ez da energia nuklearra, indarrean jarri nahi den energia-iturri banaketa baino. Ez soilik orain bizi garen 7.000 milioi lagunontzat, hurrengo urteetan hamarkada bakoitzeko gehituko diren mila milioirentzat ere baino. Eta hau ez da konpontzen petrolioa gutxiesten, gas-zentralak uxatzen, nuklearra madarikatzen,  mendian jarri nahi ez diren haize-errotak bedeinkatzen eta norberarentzat gura ez diren soluzioak inorentzat aldarrikatzen. Erabakirik ezak ere ordaindu beharreko faktura dakar.

Ondo dago telebistak eskaintzen dizkigun irudiez larritzea. Baina, telebistan agertzen ez den arren, Txinan sekulako exodoa gertatzen ari da itsasbazterrerantza, gehienen helburua auto bana erostea da, eta hurrengo 25 urteetan 200 zentral nuklear abian jartzeko asmoa dute. Faktura “hilaren” azkenean etorriko da. Edo lehenago. Merezi ote duen geroak esango du.

         

 

  

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: