Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Opera, zine-aretotan

Opera, zine-aretotan

Amatiño 2014/12/11 23:00
Beethoven-en “Fidelio” operaz ekin zitzaion, aurreko igandean, Milango Scalan, aurtengo denboraldiari. Scala antzoki ospetsuak 2.800 jarrileku ditu; aurtengo estreinaldia, ordea, milioiren bat lagunek ikusi zuten, 50 herrialdetako 3.000 zine-aretotan barrena. Teknologiaren eta globalizazioaren ondorioz, besteak beste.

Opera elitista samarra dela esan izaten da sarri. Behar bada, bai, ezohiko musika-heziketa eskatzen baitu edo, gutxienez, nolabaiteko gustu eta zaletasun aproposak. Bada dioenik, gainera, erabat garestia dela; baina futbola, esaterako, ez da merkeagoa eta ez du, horratik, inork garestitzat jotzen, nahiz San Mamesen Euskaldunan baino 25 bider jende gehiago sartu.

Dena den, teknologiak zeharo aldatu du azken 350 urteotako panorama eta ikusentzuleak nabarmen gehitu. Orain bost urte eskas berrikeria baino ez zena, egun da munduan zehar denboraldiz denboraldi indartzen ari den aukera. Honezkero, barrena, hiru banatzaile daude elkarren lehian, 70 herrialdetako ia 5.000 zine-aretotara heltzen direnak. Eta ez gero, aldez aurretiko grabazioez, zuzen-zuzeneko emanaldiez baizik, Milandik, Londrestik zein New Yorketik. Sekulako operarik ezagunenak, munduko interpreterik onenak, 18 euroren truke. Elitismoa ote?

Urrutiko ikusentzuleak baditu, gainera, antzoki-bertakoak ikusterik ez dituenak: lehen planoak, kantarien keinu eta imintzioak, orkestra-zuzendaria aurrez aurre, musika-tresnak banan-banan, sekulako xehetasun eta zehaztasunez, goi-goi mailako kalitatezko errealizazioaz. Eta hainbatetan, ekitaldien arteko atseden-uneetan, protagonisteei egindako elkarrizketez eta guztiz.

Bi dira Euskal Herrian opera-emanaldiak eskaintzen dituzten hiriak: Donostia eta Iruñea. Jakineko programazioa dute, abonamendu-sistema, publiko zalea eta fidela, urtean zeharreko bestelako musika-saioetatik urrutiegi ibiltzen ez dena. Llabur-llabur biltzekotan, berrogeita hamar urtetik gorako emakume euskalduna.

Daniel-Barenboim

Daniel Barenboim argentinar-judu-palestinar zuzendariaren agurra izan zen

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: