Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Onenak gara… merkaturik ezean

Onenak gara… merkaturik ezean

Amatiño 2014/12/22 19:05
Orain dela hamar minutu eskas laguna etorri zait kontu-kontari, kexu, auskalo zein lantegi eraberritu egin behar dutela-eta, Errioxako enpresa bat kontratatu dutela igeltsu eta pintura-lanak egiteko. Kexua zentzuzkoa da, nonbait, herritik atera beharrik gabe ere bertan dagoelako lan horretaz arduratu zitekeen tailerrik. Garestitxoagoa, hori bai, baina bertakoa.

Zentzuzkoa dirudi lehenik eta behin inguruko tailer eta langileei lana eskaintzea, kanpora jo beharrik gabe. Baina, era berean, pentsatzekoa da inor ez litzatekeela kanpora joango bertan merkeago aurkituko balu.

Egia da, bai, nolabaiteko elkartasuna adierazte aldera edo, onuragarri litzatekeela bertakoen lana lehenestea, nahiz garestiago izan, aberastasuna bertan geratu zedin. Hala ere, elkartasun berberaz baliatuz, ez ote litzateke onuragarri ere izango, bertakoek bertakoei merkeago egitea, kontratuak kanpora joan ez zitezen?

Ez dago garbi zergatik besteek izan behar duten solidario gurekin, eta guk ez, ordea, besteekin. Batzuon herria besteona baino herriagoa ote?

Gurpil zoroaren aldarria da gurea: gu garestiagoak izan, gure tailerrak garestiagoak izan daitezen merkatuan, eta gero, gainetik, etorri dadila enpresa solidarioa, langile garestiagoak dituzten tailer garestien faktura ordaindu dezan… euskal ekonomiaren izenean. Eta, horrela, etengabe, gero eta garestiago, agertu dadila, hurrenez hurren, beste enpresa handiagoren bat, aurreko kate garestiaren kostuak bere gain hartu ditzan... bertako herriaren izenean.

Teoriaz ondo dago. Oso abertzalea ematen du, gainera. Praktikan, ordea, martxa honetan bakarrik geratuko gara munduan, onenak garelakoan… baina merkaturik gabe, jakina.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: