Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Onegia, mundu honetarako

Onegia, mundu honetarako

Amatiño 2015/10/03 00:05
Kazetaritza ez da, izatez, lanbiderik jakintsuena, apalena eta isilena. Baina Antxon Zubikarai (Ondarroa, 1945 – Bilbo, 2015) kazetaria zen. Aurrenengo euskal kazetari-andana lar urriaren kimu apurretakoa. Berak jarri zion letra Athletic-en ereserkiari.

Franco hil (1975) eta egungo demokraziari ekin (1976) zitzaionean, euskaraz lan egin zezaketen lauzpabost lizentziadun kazetari baino ez zeuden, guztira ere. Haietako bat, Antxon Zubikarai. Baina bere izenik ez da, normalean, ezein zerrendatan agertzen. Antxonek ez zuen sekula euskal kazetari aitzindarien erroldan lekurik aldarrikatu. Antxonek ez zuen sekula beretzat ezer aldarrikatu.

Hainbat urte elkarrekin lan egin genuen, aurrez aurre, DEIA egunkariaren Kultura erredakzioan eta, ordurako, Antxon gure google partikularra zen. Entziklopedia hutsa. Nahiz 31-32 urte baino ez izan, denetik zekien eta denetarik asko. Musikaz, zer esanik ez. Bere burua eskutatu beharraren beharrez, J.A.Z (Juan Antonio Zubikarai) sinatu ohi zituen garai hartako prentsan musikaz argitaratzen ziren kritikarik adituenak eta landuenak.

Berba gutxikoa. Ez zen batere polemikazale. Nahiago zuen isildu, eztabaidatan jardutea baino. “Hori ez da horrela” esan eta kitto. Inoiz esaten nion: “Joño Antxon, nik zure erdixa baneki, beti eztabaidetan sartuta ibiliko nintzake”. Eta berak erantzun: “Eztau merezi”.

Antxonek larregi zekien, asko jakin beharrik gabe dotore asko funtzionatu daitekeen merkatu merkean. Gehiegi irakurtzen zuen, burulerroak sumatzearekin konformatzen den gizarte kaikuan. Biltegi handiegiaren jabe, gero eta kazetaritza arin eta arolagoan.

Azken aldiz, 2004an hitzegin genuen elkarrekin,  Augustin Zubikarai aita zena, hil zitzaionean. Ondarrutarrez idatzi nuen post bat, hementxe bertan, txarto egindakoengatik barkamena eskatzen, eta Antxonek telefonoz deitu zidan, negar zotinka, esker onez.

Kristoren tipoa zen Antxon, ona, onegia. Onegia, mundu honetarako.

AntxonZubikarai

Milaka musika-iruzkinen eta zenbait libururen idazlea izateaz gainera, Athletic-en ereserkiaren letra-egilea zen, eta da, Antxon (Deia argazkia).

jaime
jaime dio:
2015/10/03 17:34
Zutabe honetan ipini duzun argazkia ikusita gero, Agustin berbera zela apustu egingo nukeen. Alafede!
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: