On hutsaren jakineko historia
Edo Clint Eastwood maisuaren zinegintzak nekez merezi dezakeelako gaitzespen zorrotzik, edo Richard Jewelli gertatua, oro har, ezaguna delako… kontua da kritikarik gehientsuenek nahiago izan dutela nabarmendu ideologia-arloa, Zazpigarren Arteari dagokion larraina baino.
Alegia, Clint Eastwood agureari (San Francisco, 1930) ez ote zaion lar sumatzen nolabaiteko “Trump-zaletasuna”, FBIren zein prentsaren azpijanak eta azpijokoak salatzen gehiegitxo ahalegintzen delakoan.
Batek daki zenbateraino maltzurra den FBIren ohiko jarduna, baina kasu honetan behintzat, zalantzarik ez FBIk hiru hilabete iraun zuela Richard Jewell heroia ala terrorista ote zen erabaki ezinik. Eta, erabakitzen ez den artean, susmagarria “errugabea” da, ez “ia erruduna”.
Eastwooden ustezko misoginiaz, bestalde, ez da egia Richard Jewellen ustezko errua estreinako argitaratu zuen emakume kazetariak sexu-truke lortu zuenik harako informazioa. Hori uste duenak, ala ez du filma ikusi, ala sexu-harremanen joko-orekez ez daki ezer.