Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Olentzeroren txapel urdina

Olentzeroren txapel urdina

Amatiño 2021/02/18 22:00
Banindoan, txapela buruan, Foru Diputazioara bidean, Gipuzkoa plazan zehar, eta, amaren eskutik zetorren lau-bost urte inguruko umeak orroan egin zuen, bere gisara zeraman eskua luzatuz: “Ama, mira, Olentzero!” Amak, berriz, lotsatuta-edo, nolabaiteko imintzioa egin zidan, barkamena eskatu nahi izango balu bezala.

Segurutik ez da sekula –azken bi mendeotan, behintzat— gaur egun bezain txapel gutxi jantzi euskal gizartean, eta, behar bada, aldi berean, inoiz ez du oraingo herronkarik izan. Gerra aurreko argazkiak ikusi besterik ez dago konturatzeko, txapelaren erabilpena komuna bezain unibertsala zela orduan, gizonezkoen artean. Ehun urte eskas geroago, Olentzeroren zein euskal jaietako jantziaz gainera, zahar-jendearen ikur folkloriko samarra baino ez da txapela. Baina, hori bai, burua berotzeko balio du, burusoila batez ere.

Gero eta gutxiago erabili arren, euskaldunok oso euskal jatorrizkotzat dugu txapela, baina munduan zehar nabarmen gehiago dira Frantziakotzat jotzen dutenak. Orain 30 urte inguru, Baltimoren nintzela, hiritar frantses bat hurreratu zitzaidan, harrapaladan eta zirrara handiz frantximantez mintzo. Esan nionean ezer gutxi ulertzen niola eta, aukeran, nahiago ingelesez, harri eta zur zera erantzun zidan: “Pardon… et le béret?”

Txapela, jatorriz, euskalduna denik nekez babes dezake inork. Izatekotan, gehiago omen da biarnotarra* eta, Hegoaldean, Karlistaden ondotik, Zumalakarregiren ereduari jarraituz edo, zabaldu omen zen XIX. mendean zehar**. Ondoren, Sabin Aranak ere gustuko hartu eta… gero gerokoak.

Ohiko txapela, atzenengo mendean behintzat, beltza da. Nik erositako azken biak, ostera, urdinak (eta badanarik gabekoak),  zahartzaroko apainkeria-edo. Jendeak ez du jakin izaten zer esan. Donostian bilbotartzat jo ohi dute txapel urdina. Eta Bilbon, berriz, donostiartzat. Nonbait urdina da “gurea” ez dena, inorena alegia.

Behar bada arrazoi dute. Inork ikusi al du inoiz Olentzero ikazkinik txapel urdinez? Behar bada, ez, baina Gipuzkoa Plazako mutikoari, behintzat, ez zitzaion batere arraro iruditu. Daltonikoa ala aurreiritzi gabekoa ote? Amak ez zidan argibiderik eman.

* Oraindik ere bonetak egiten ditu Oloroeko "Laulhére" lantegiak, 1840 urtean irekia.

 ** Tolosako “Elósegui” txapel-fabrika 1859koa da, eta Balmasedako “La encartada”, 1892koa.


Amatiño Ostrava Moravia 2001
Txapela buruan eta ibili munduan. Zaldi zuridun zaintza, Ostravan (Moravia) 2001 urtean.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: