Olatz Simon, ez da gero galduko
Euskadin indarrean jarri beharreko industria-egitasmoa bertatik bertara ezagutze aldera europar hiriburu handi batera joanak ginen hogeitaka laguneko teknikari eta kazetari taldea, Olatz Simon eta biok tarteko.
Bueltan, programan agindutako hegaldia hartzeko arazoak suertatu ziren. Honelakoetan ohi denez, makinatxo bat bidaiari bildu ginen hegazkin-konpainiaren bulego-inguruan, informazio eske, kexuka, nora ezean, zer egin jakinezta. Azafatak, itxurazko efikazia handi samarrez edo, berehala erantzun zigun beste hegaldi batean sartuko ginduztela eta horretarako txartelak aldatu beharko genituzkeela. Baita guk guztiok jaramon egin eta artalde zintzo-zintzo lez erreskadan jarri ere, aldaketa bizkor hura soluziorik onena zelakoan. Baina Olatzek, taldeburua bailitzan, ezetz esan zigun, txartelak aldatuz gero, egoera berriari amore emateaz gainera, jatorrizko eskubideak galduko genituzkeela eta, horretara, geure buruak hegazkin-konpainiaren menpe behin betiko jarri.
Oraindik ez dakit zergatik baina taldekide guztiek sinetsi egin genion eta denok aho batez bere ardurapean jarri ginen. Olatzek, leihatilara jo zuen, jario argi eta garbiko ingelesez bota zion azafatari ez geundela konforme, ez genuela jatorrizko txartelak aldatuko, eta hegazkin-konpainiaren obligazioa nola hala gu etxeratzea baino ez zela. Beraiek aldatu behar zutela hegazkinez, ez guk txartelez. Ez gehiago eta ez gutxiago. Azafata zur eta lur geratu zen, zer egin ez zekielarik baina bezeroak arrazoi ote zuen beldur eta, auskalo zelan baina, pare bat ordu geroago, Bilborantza atera ginen ezertxo ere egin beharrik gabe eta, oso oker ez banago, Olatz, zuzenean Txinara.
Olatz jaio zenerako nik hainbat urte luze neramatzan aireportuz aireportu baina egun hartan Olatz izan nuen irakasle azkar. Hala ere, gehien harritu ninduena ez zen hegazkin-sistema katramilatsuaz erakutsi zigun ezagutza, azaldu zizkigun nagusitasuna, iritzi sendoa, adorea eta buruzagitza baino. Neska hau ez da gero galduko pentsatu nuen nerekiko. Eta, geroztik, telebistan ikusten dudan bakoitzean errepikatu ohi dut: Galdu ez ezik, ondotxo daki zertan diharduen.
Zorionak Olatz.