Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Olaetatarrak, mende bat dantzan

Olaetatarrak, mende bat dantzan

Amatiño 2021/01/09 15:05
Olaetarrak izan ziren, batere zalantzarik gabe, euskal herri-dantza, ballet klasikoa eta garaikidea elkarrekin lotu zituzten lehenak. Urtetan, Olaeta Balleta eta euskal balleta sinonimoak izan ziren. Agur eta ohore, beraz, hogeigarren mendean zehar euskal dantzak balioesten gehien arduratu zen familiari.

Aurreko larunbatean aurkeztu zen, Bilboko Euskalduna Jauregian, “Mende bat dantzan OLAETA un siglo en danza” dokumentala, Pedro Olearen zuzendaritzapean, Alberto López Echevarrietaren gidoiaz eta Bizkaiko Diputazioaren laguntzaz.

Olaeta Ballet taldearen jatorria behar da 1927an kokatu, Gernikan, non Segundo Olaetak Elai-Alai dantza-taldea sortu zuen. Gerra-garaian egitasmoak jarraitu zuen Biarritzen (1936), Oldarra Taldea deituraz; gerra-ostean, berriro Gernikan suspertu, Ballets Olaeta izenez, eta Europan zein Ipar Ameriketan zehar aritu zen, Bittor, Lourdes, Jabier, Lide eta Miren Tere seme-alaben eskutik.

Olaetatarrek dantza-akademia ere sortu zuten Bilbon, 1948 urtean, eta, hainbat hamarkadatan 10.000 ikasle inguru izan ostean, 2007an itxi beharra suertatu zen, Lide eta Bittor neba-arreben heriotzen ondotik. Esaldi bakar batez laburbiltzekotan, Olaetarrak izan ziren, seguru-segurutik, euskal herri-dantza, ballet klasikoa eta garaikidea elkarrekin lotu zituzten lehenak. Urtetan, Olaeta Balleta eta euskal balleta sinonimoak izan ziren.

Zentzu honetan, “Olaeta, mende bat dantzan” dokumentalak agur eta ohore egiten dio hogeigarren mendean zehar euskal dantzak balioesten gehien arduratu zen familiari. Merezi zuen eta zor zitzaion. Bapo. Kontua da, ordea, kitto esan eta lasai geratu behar dugun ala gure ganorarik eza hausnartzeko abagune aproposa ote den.

Historian geratuko den arrakala

Pedro Olearen dokumentala zitekeen onena da segurutik, bilbotar ekoizlearen ofizioa ez baitago zalantzan. Baina, azken emaitza, onenean ere, urri eta zaharkitua jaio da, zenbait hamarkada sekula gertatu izan ez balira bezala.

Ulertzekoa da dokumentalak Segundo Olaetaren ikusentzunezko material askorik bildu ez ahal izatea, aita zena 1971 urtean zendu zen-eta. Baina Lide (2006), Bittor (2007) eta Javier (2016) hil zirenerako, euskal erakundetzeak hainbat hamarkada luze zeramatzan indarrean eta EiTBk ia beste horrenbeste. Zertan zen euskal komunikabideen jakinmina eta, zertan, 10.000 ikasle izatera iritsi zen enpresa familiarraren komunikazio-kudeaketa?

Arrazoi batez zein bestez, ezin uka Olaetarrei aitortzen zaien altxorraren eta dokumentalak eskaintzen duen xumetasunaren arteko arrakala handiegia dela. Eta eskasia horrek, dagoeneko, konponbide txarra du.

Iñaki Goirizelaia dantzari-ohiak salatu bezala, Bittor Olaetaren zori txarretakoa izan zen, agian, egokitu zitzaion euskal gizarteak ez zuela dantza behar beste balioetsi. Eta gutxiespen horren  zantzuak darizkio dokumentalari. Biltzen duen guztia ondo dagoke. Falta dena da, ostera,  nabarmen gaizpìdezkoa. 

Luis
Luis dio:
2021/01/21 16:54
Hamabi egun baino ez dira idatzi nuela “Pedro Olearen dokumentala zitekeen onena zela segurutik…”, eta darion eskasia “historian geratuko den arrakala” izango zela, ezin bestean, Baina, zorionez, bietan nintzen oker.

Atzo bertan, ETBk “Izan ginelako” sailaren barruan eskainitako “Ballets Olaeta” ekoizpenak frogatu zuen: batetik, Pedro Oleak egindakoa baino hobea egiterik bazegoela eta, bestetik, historiarako geratuko den arrakala, geratzekotan, ez dela hain larria izango.

New Media Digital ekoiztetxeak bart ETBn eskainitako dokumental hunkigarriak, Olaetatarren memoriaren baitan murgildu gintuen; Lourdes eta Miren Tere Bittorren alaben lekukotza zuzena eta hurbila eskaini zigun; Lide Maguregi Olaeta bilobaren zirrara sentiarazi, eta Garazi Egiguren zein Jon Maya dantzarien katebegiak Olaetatarrenenekin lotu.
 
Lourdes umea eta Lourdes amama (Lourdes berbera) elkarren ondotik, abesti berbera eta aho batez kantatzen, laurogei urte inguruko zubigintzan, euskal dokumentalen historiarako geratuko den unerik magikoenetakoa izango da.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: