Okupatuta geunden
Gurea gero paradoxa. Batetik, denok goraipatu izan ditugu Mikelen jarrerak, jokamoldeak eta irizpideak baina, bestetik, gehienok ez gara gauza gutariko askok betetzen ez ditugun baloreak direla aitortzeko. Mikel zorrotza zen arinkeria nagusitzen ari zitzaion munduan, maitakorra giro zitalean, apala kanpolarrosen artean, konpromisoduna axolagabeen larrainean, langilea alprojakerian, disziplinatua noraezean eta benetalaria iruzurrean.
Laburbilduz, aitaren batean esanda, Mikel orain modan ez dauden baloreetan hazia eta hezia zen. Eta hau irakurtzen diharduena ez dadila gero tronpatu. Ni ez naiz, pasadizoan, nere belaunaldia nolabait defenditzen ari, Mikel eta biok ez baikenuen elkarrekin zer ikusirik --ene kaltetan-- ez gizarte-belaunaldiz, ez jatorriz, ez giroz, ez izakeraz eta ez fedez. Ezta lan-moldez eta bizitza-egitasmoz ere. Mikel eta biok euskal kazetaritzaren patuak bildu gintuen bi ezezagun izan ginen, gure lankidetzak iraun zuen urte luzeetan ehun kilometroren bi muturretan izugarri ondo konpontzeko eta elkar ulertzeko gauza izan ginenak.
Eta ni oraintxe hasia naiz Mikelen falta sumatzen. Baina ez dut faltan botatzen abertzalea, euskaltzalea, itzultzailea, kazetaria edota beti-ere-denerako-gertu-zegoen-lankidea, Mikelen patxada-, gertutasun- eta bake-eredua baizik. Gaur egun kazetari onak, itzultzaile egokiak, euskaltzale praktikoak eta abertzale modukoak edozein lekutan daude, baita paroan ere. Salgai ez daudenak, ordea, Mikel bezalako pertsonak dira.
Mikelek frogatu zigun euskaltzaletasuna ez dela pose bat, Jainkoaren legea elizari jaramon egin beharrik gabe bete daitekeela, lasterrena ez dela beti aurren heltzen, presa bidai-lagun eskasa dela, apaltasunak dakarkeela arrakasta, badela isekabako kritika zorrotzik, emateko ez dagoela trukean eskatu beharrik, koherentzia ez dagokiela hitzei ekintzei baizik, duintasunari barne-lasaitasuna dariola, aberastasuna ez dela jabego kontua, lehentasunen erabakia norberaren aukera dela eta ondo egindako lana, berriz, errutina baino ez.
Mikel Atxaga maisu eredugarria izan dugu eta adiskide maitagarria. Tamalez hil arte ez dugu denborarik izan ez haren ereduaz jabetzeko eta ezta maite gintuela konturatzeko ere. Okupatuta omen geunden.