Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Oinarrizko kultura, prestakuntza eta ezaguera

Oinarrizko kultura, prestakuntza eta ezaguera

Amatiño 2012/01/12 22:00
Geroztik beti pentsatu izan dut Madrilgo nerabea ezjakintasunaren morroi baino ez zela, ni neu oinarrizko kulturaren lekuko, Juanan Larrañaga prestakuntza fisikoaren adierazgarri eta alemaniarra, berriz, ezagueraren jabe.

Aurten beteko dira 25 urte Real Sociedad donostiarrak Futbol Errege Kopa irabazi zuela. Garai hartan Juanan Larrañaga, Musti Mujika eta Luis Fernando Dadie jokalariekin topo egin nuen, oporretan, Lanzaroteko hotel berean. Artean ni gazte samarra nintzen eta eurak dezente gehiago. Eginhalak eginagatik ere, ezin izan nion Larrari squashean irabazi. Kopako txapeldun, gorputzaldirik onenean zegoen, sekula izan den Realik onenaren baitan.

Ostatuko igerileku ondoan lasai asko zertxobait irakurtzen ari nintzela, nerabe madrildarra hurreratu zitzaidan, erraketa parea eskutan zuela, ea squashean elkarrekin egingo ote genuen galdezka. Baietz erantzun eta bizpahiru partida jokatu genuen buruz buru. Denak irabazi nizkion. Gazteak zahartzat jo ninduen arren, ez zekien gizajoak Baztango pilota-txapelketetan zuriz aritutakoaren aurka ari zenik.

Hartan ari ginela, Larra azpeitiarra agertu zen: “Joño, zer egiten dek hik hemen? Eta hik? Jokatuko al diagu?” Eta jokatu egin genuen. Tira, hobeto esan, berak jokatu zuen. Nik tarteka-marteka baino ez nion tantorik egiten eta berak, ostera, matxinsaltotzat hartu ninduen, bazterrik bazter, adurra zeridala, lehertu beharraren beharrez.  

Ondotik etorri zen, ordea, alemaniar handikote, garagardo-edale, tripontzi eta itxurabakoa, eta keinu egin zion Urolako semeari jokatzen jarraitu nahi ote zuen. Kopako txapeldun lirain eta gihartsuak baietz erantzun eta hantxe ekin zioten elkarri mokoka. Ez zuen, ordea, norgehiagokak larregirik iraun; teutoi garaua jarri zen, bai, kantxa erdi-erdian eta ez zuen aurrerantzean handik atera beharrik izan. Eskumutur hutsez jo alde batera, jo bestera, zapla batetik, dsanba bestetik, gure Larrak, izerdi-bitsetan,  mortalak eta bi egin behar izan zituen hutsaren hurrengo lortzeko.

Geroztik beti pentsatu izan dut Madrilgo nerabea ezjakintasunaren morroi baino ez zela, ni neu oinarrizko kulturaren lekuko, Juanan Larrañaga prestakuntza fisikoaren adierazgarri eta alemaniarra, berriz, ezagueraren jabe.

Larra Lanzarote

Ezkerretik eskuinera, Musti, Larra eta Dadie, Lanzaroten (1987/1988)

Larra Saria jasotzen

Juanan Larrañaga saria jasotzen, 1990

Imanoltxu
Imanoltxu dio:
2012/01/13 02:32

Antzekoa pasatu jatan neri Legarreko frontoian. Gaztien artean palan jokatuz ondo, batzutan galdu, bestetan irabazi... normala. Egun baten zahar bat agertu zan, eta ondorengo egunetan be bai. Eta beti irabazten zeban, beti. Eta ez eban ezer berezirik egitten, Zer egitten zeban? Hutsik ez egin. Peloteo, peloteo... eta halako batean guk huts egin. Partiduan azkenian beti edo berak irabazi, ezer apartekorik egin barik.

Josu Txintxurreta
Josu Txintxurreta dio:
2012/01/14 19:34

Historiako Realik onena, tituluei begiratuta, 1980-81, 1981-82 eta 1982-83 urtekoa izan zan. Liga bana aipatutako lehenengo denboraldi bietan, eta Superkopa hurrengoan. Jokalari batzuk garai bietan egon ziren, baina beste batzuk ez. Liga txapeldun izan zirenak, eta 1987an dagoeneko taldean ez zeudenak, uste dut hauek zirela; Periko Alonso, Kortabarria, Satrustegi, Idigoras. Aldiz, 1987an izarrak ziren, baina Ligako tituluetan partehartze eskasa euki zuen Jose Mari Bakero-k, agian Larrañagak berak, eta oraindik jokatzen ez zutenak Txiki Begiristain, eta Lopez Rekarte. Bakero, Txiki eta Lopez Rekarte, Bartzelonara joan ziren, eta hor amaitu ziren Realaren tituluak. Ez ostera Real zaleen pozak. Nik ez ulertu arren (ni Athletic zale petoa naiz), Real zale gehienak garai hartako Bartzelonaren tituluekin asko poztu egiten ziren, geroago Xabi Alonsoren Liverpool-en tituluekin poztu egin diren bezala. Eurek jakingo dute zergaitik.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: