Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Oinarri-oinarrizko aldea

Oinarri-oinarrizko aldea

Amatiño 2022/01/17 18:20
Ez zen ustekabekorik gertatu. Athleticek ezin izan zion Real Madridi partida irabazi. Ustea uste, hori da normalena azken hamarkadotan. Lantzean behin salbuespenik jazo daitekeen arren, talde bien arteko aldea hain handia da eze, herensugeak beti-edo gaindituko duela lehoia. Barrena, hamarretik bederatzitan.
Oinarri-oinarrizko aldea

Gainza. Bernabeu, 1958

Talde bien arteko aldea ez da historia, dimentsio, harrobi, jarraitzaile, diru-ahalmen edo kudeaketa-kontua, ezta koiunturala ere. Bion arteko aldea da erabat estrukturala, eta guztiz nabarmendu da futbola globaldu den heinean. Azken aldiz (1958) Athleticek kopa irabazi zionetik Real Madridi, futbol profesionala zeharo aldatu da.

Mundu osoan milaka dira, ia ezin konta ahala, liga bateko zein besteko lehen mailetan* ari diren jokalariak, zeintzuen artean Real Madridek beha dezakeen nortzuk diren onenak, komenigarrien zaizkionak hautatu eta, ahal den neurrian, fitxaketak negoziatu. Jokalariak konta ezin ahalako mundu bertsu horretan, Athleticen joka lezaketen futbolariak, ostera, kontagarri-kontagarriak dira, hirurogeitaka besterik ez.

Hirurogei inguru horietatik, batez beste, hogeitabost dira Athleticen bertan jokatzen dutenak, eta beste horrenbeste Real Sociedaden (15), Osasunan (8) eta Alavesen (2). Zerrenda horri ezarri behar zaizkio espainiar ligako beste hainbat taldetan dihardutenak (Unai Lopez, Martin Merkelanz, Aitor Fernandez, Jon Ander Garrido, Iñigo Ruiz de Galarreta eta, agian, besteren bat edo beste); eta, jakina, baita Europan ari den dozena erdi luzea ere (Ander Herrera, Iñigo Cordoba, Alvaro Odriozola, Cesar Azpilikueta, Kepa Agirrezabalaga, Jabier Martinez eta Ameryc Laporte). Agian falta izango da, hor nonbait, ahazturen bat, baina, asko jota ere, nekez gero, guztira, hirurogei baino askoz ere gehiago. Hori da, lehen mailako futbolean, behintzat, gaur egungo euskal altxor edo ondare guztia.

Athleticek (halaber beste edozein taldek) mundu guztian zehar fitxatzerik balu eta Real Madridik aberatsenak ere Madril hiriburuan (3,2 milioi biztanle) baino ez, emaitzak arras kontrakoak izango lirateke, baina hori ez da inoiz gertatuko. Ez da zientzia fikzioa, da ezinezkoa.

* Lehen mailako 1.000 futbol-talde (20.000 jokalari?) daude Europan eta Hego Ameriketan. Horrez gainera, beste horrenbeste edo gehiago, Afrikan, Asian, Ozeanian eta Iparreko zein Erdialdeko Ameriketan.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: