Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Oihenarten tradizioaren ildotik

Oihenarten tradizioaren ildotik

Amatiño 2020/06/15 19:00
Hona, benetan euskaldun gutxik eskutan hartuko duen liburua eta, hala ere, adituek diotenez, liburutegitan egon beharreko alea. Eta ez online, soilik, paperean ere baizik. Unibertsitate-tradizio unibertsalak honela eskatzen omen du. Bapo, ba horra: “NOTITIA VASCONIAE. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia”, Iura Vasconiae Fundazioak argitaratua.

Hiztegi honen izena inspiratu zuena izan zen Arnaut Oihenart (1592-1668) zuberotar legelaria, 1637an, Parisen, Notitia utriusque Vasconiae lana argitara eman zuenean eta, geroztik, “nazioarteko zientzialariek aspalditik onartu dute Baskonia kultural bat badagoela”. Are gehiago, “historiagrafiako eskuliburu edo tratatu bakar batek ere ez du adierazten estatu baten egitura duten giza taldeak soilik hartu behar direla kontuan historian”, Goio Monrealek hitzaurrean gogorarazten duenez.

Roldan Jimeno zuzendariaren sarrerako hitzetan, berriz: “Baskoniako iragan historiko, juridiko eta politikoan interesatuta dauden zientzialariei historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen biografíen eta lanen sintesi bat eman nahi diegu, informazio zehatz eta fidagarrian oinarrituta”; baina, espezialistei ez ezik, baita ere “Baskoniako iragan historikoaren berri izan nahi duen eta lan espezializatuetara iristeko tresnarik ez duen edonorentzat, hala nola giza eta gizarte-zientzietako adituentzat, kazetarientzat, bigarren hezkuntzako eta unibertsitateko profesionalentzat, etab.” 

Guztira lau liburuki izango dira. Kalean dagoen lehena (769 orrialde),  Antzinaroa, Erdi Aroa eta Aro Modernoa; bigarrena, Aro Modernotik 1876 artekoa izango da; hirugarrena, 1936ko Gerra Zibil artekoa; eta, azkena, orain artekoa.

Batzorde zientifikoak biltzen ditu: Pilar Arregui (Nafarroako Unibertsitatea), M. Rosa Ayerbe (Euskal Herriko Unibertsitatea), Xabier Irujo (University of Nevada), Maïté Lafourcade (Université de Pau et des Pays de l´Adour), Santiago Larrazabal (Deustuko Unibertsitatea), Gregorio Monreal (Nafarroako Unibertsitate Publikoa), Margarita Serna (Kantabriako Unibertsitatea) eta Lola Valverde (Euskal Herriko Unibertsitatea).

Azaleko irudia: Jean Baptiste Nolin: La Bizcaye divisée en ses 4 parties principales et le Royaume de Navarre divisée en ses Merindades. Paris, 1704.

Euskarazko itzulpena: Ramon Iriarte, Asis Arbide, Ramon Olasagasti, Enrike Diez de Ulzurrun eta Joxemi Hernandez.

Hiztegiaren edizioak

Notitia Vasconiae lana, gaztelaniaz, Marcial Pons argitaletxeak kaleratu zuen iaz. Euskarazko itzulpena Iura Vasconiae Fundazioak argitaratu du eta ingelesezko bertsioa Nevadako Euskal Ikasketen Zentroak egingo. Litekeena omen da frantsesera ere itzultzea eta argitaratzea.

Hiztegia, hizkuntza guztietako bertsioetan, datu-base batera irauliko da, eta Iura Vasconiae Fundazioaren weborrian "sartuko" da (www.iuravasconiae.eus)

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: