Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Ohorea ohore

Ohorea ohore

Amatiño 2008/01/22 13:30
Batasunaren inguru-minguruak sarri leporatu izan dio Eusko Alderdi Jeltzaleari haren legez kanporatzea, baina atzo Auzitegi Gorenak Juan Mari Atutxa, Kontxi Bilbao eta Gorka Knörren aurka erabakitako epaiak zer gogorarazi ematen digu.

Bai, egia da bai, era honetako erabaki hauekin espainiar Justiziak ondotxo frogatzen duela oraindik ere ez duela bere baitan trantsizio demokratikorik egin;  egia den bezala nekez ukatu daitekeela zein neurri handitan politikak baldintzatzen duen justizia. Baina hau esan eta gero, gogoratu ere gogoratu behar da Auzitegi Gorenak ezin izango zuela inoiz hartutako erabakirik hartu, Diputatuen Kongresuak alderdiak legez kanporatzeko Legea onartu izan ez balu 2002ko maiatzaren 23an. PSOE eta PP alde, noski, eta Eusko Alderdi Jeltzalea, Ezker Batua eta Eusko Alkartasuna, kontra.

Orain gogoratzekoa ere bada, aipatu hiru alderdiek Eusko Legebiltzarrean (2002.09.12) proposatu zutela Alderdi Legearen kontrako helegitea aurkeztea eta ez zela proposamen hori onartu, PSE, PP eta... Batasuna bera kontra azaldu zirelako.

Batasunak, helegitea aurkeztearen kontrako botoa eman ezezik, legerik ez betetzeko eta “intsumiso” jokatzeko eskatu zion Eusko Jaurlaritzari. Hau da, Batasunak –ETAren beldur-- bere buruaren alde ezer eginez eta, hori bai, besteei zehatz asko esan zer egin beharko luketen eta zer ez. Are gehiago, zeharo harropuztuta, Arnaldo Otegik hitzez hitz orduan esan zuenez: "Es un honor estar fuera de la legalidad española". Bapo, ba ez gero ohore horri sekula etsi.

Ohorea ohore, tentaldi guztietarik erabat salbu dagoen ohore bakarra, Atutxa, Bilbao eta Knörren ohorea da. Bestalde, bost axola neri une honetan epaileen ustezko ohorea. Baina legea indarrean jarri zuten PSOE eta PP, “zenbat eta txartoago hobe” delakoaren apostua egin zuen ETA, eta sekula berak zer egin behar ez duen ez dakien Batasuna...  ohorez behintzat, benetan urri.

 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: