Offenbach, Barcarola eta Alkain
Jacques Offenbach (Kolonia, 1819 – Paris, 1880) Alemanian jaio zen, judu askenazi familiaren baitan. Aita sinagogako kantaria zen eta semea Parisera bidali zuen biolin eta biolontxelo ikasketak egite aldera, 14 urte baino ez zituela.
Ez zuen mutil koxkorrak denborarik galdu. Hiru antzokiren zuzendari izatera heldu baitzen eta, XIX. mendean Parisen nagusi zen joeraren ildotik, ehun inguru opereta komiko, bufoi, arin edo barregarri konposatu zituen arrakasta handiz. Segurutik Offenbach ez da opera-konposatzailerik onena, baina bai, berriz, opereta modernoaren zein komedia musikalaren sortzailerik nagusienetakoa.
Bere operarik landuena Hoffmannen ipuinak da. Prologoaz eta epilogoaz gainera, obrak ditu hiru ekitaldi, zeinetan, errenkadan, Hoffmann hiru emakumez (Olympia, Antonia eta Giuletta) maiteminduko den, nahiz azkenean jabetu, hiruak berbera baino ez direla, Hoffmannen beraren fantasien lekuko.
Zalantzarik gabe, hiru ordu dirauen erestiaren kantarik unibertsalena Barcarola abestia da, Veneziako gondoleroen arteko folklorean oinarritua. Ez da musikaz batere aditua izan behar doinua belarrietaratu bezain laster ezaguntzat sumatzeko.
Offenbach judua izan arren, kristautu egin zen, 25 urte zituela, Herminia de Alkain zenarekin ezkontzeko. Jose Maria Xabier Alkain Garro donostiarraren alaba, Bordelen jaioa zen. Antza denez, Jacques eta Herminia senar-emazteok sarri etortzen omen ziren Donostiara, familiaren aferak zirela-eta.