Obsesio eta tolerantzia-maila
Duela berrogei urteko legebiltzarkide hartaz gogoratu naiz, Antonio Elorza historialariak honako hau idatzi duenean Asociación por la Tolerancia digitalean: Es el mundo feliz que día a día ofrece ETB a los acordes de interminables conciertos de txistu, bailes tradicionales ritualizados, repiques de txalaparta llegada hace medio siglo desde la prehistoria, clónicos partidos de pelota por parejas e infinitas variantes de una gastronomía obsesiva”. Zilegi da edozein telebista-programazioz iruzkinik egitea, baina zer premia dago, tolerantziaren esparruan, Pedro Sánchezen politikaren kritika dela-eta, arinkeria horiek idazteko? Nor da hemen euskal obsesioak jota bizi dena?
Badu berea, bai, tolerantziaren izenean, ETBren kateen programazio-eskaintza osoa laupabost lagin horiekin aditzera eman nahi izateak baina, zernahi delarik, zertara dator txistua edo euskal dantza salatzea, beste zenbait telebista autonomikotan gaita-lehiaketak edo lekuko folklorea askoz ere ohikoago eta nagusiago diren artean?
Zergatik pilota-partidak klonikoak dira eta ez beste edozein kiroletakoak, aspertzeraino inguratzen gaituen futbola esaterako edo, egunak joan eta egunak etorri, hamaika hedabidek kontatzen dizkiguten futbolarien entrenuak, gorputzaldiak, nahi eta ezinak, umoreak, depresioak, fitxajeak eta enparaua?
Gastronomiarekiko obsesioaz, berriz, Wikipediak eskaintzen duen “Programas de televisión sobre gastronomía en España” sarreran berrogeiren bat aipatzen dira eta bat bakarra ere ez, ordea, ETBkorik. Zer esan, gainera, telebista-kateren batek, astero eta afalorduan, neska-mutikoentzat egiten duen sukaldaritza-programaz? Hori ez al da obsesioa?
Gatozen hasierara. Inork imajinatzen al du Euskal Herriaz kanpoko beste edozein telebistatan, bertako parlamentaria bertako azentua ez dadila lar sumatu eskatzen? Hori da, nire ustez, zenbaiten obsesio- eta tolerantzia-maila, itxura denez berrogei urte geroago ere indarrean dirauena.