Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Normaltasun berriak ituna behar du

Normaltasun berriak ituna behar du

Amatiño 2020/05/12 11:00
Normaltasun berri bila, denetariko ideiak daude baina, iritzi guztien gainetik, uste dut bi direla denok, andre eta gizon, zahar eta gazte, joera batekoak zein bestekoak, biltzen gaituztenak: bata, normaltasun berriak gizakia izan beharko duela ardatz; eta bestea, etorkizuna gure zeregina dela, arlo pertsonalean nahiz gizarte-esparruan.

Arlo pertsonalean, aitortu beharko dugu gutako bakoitzak ere zerbait egin beharko duela, ezin dugula beti zain egon noiz besteek arazoak konponduko dizkiguten. Hausnartu beharko dugu, zein den hiritarrik onena izateko errezeta. Hau da, eskalearena den edo emailearena. Ondo dagoela eskaleen zerrendako lehen postuetan agertzea, baina ez dela kalterako izango begiratzea, behingoz, zein postutan ote gauden emaileen rankinean?

Gizarte-esparruan, berriz, etorkizunera begira, argi eta garbi adierazi, guk aurreko belaunalditik jaso dugun bezainbateko gizarte aberats samarra utzi nahi ote diegun gure ondokoei… ala ez.

Baiezkotan, besteak beste, Europa mailako industriari eta teknologiari heldu beharko diegu buru-belarri, herri langile, lehiakor eta berritzaile izaten. Honetarako, enpresarien, sindikatuen eta erakundeen arteko gizarte-ituna behar dugu. Enpresariek onartu beharko dute, enpresak dirua irabazteko baino zerbait gehiagorako direla; sindikatuek, euren egin beharretakoa dela lanpostuak bermatzea eta enpresek iraun dezaten laguntzea; eta erakundeek aitortu, produktibitatea ez dela enpresa pribatuen kontua soilik, laurogeigarren hamarkadan sortutako erakunde guztiek ez dutela gaur balio, eta orain balioko luketen beste batzuk eragin beharko direla.

Amaitzeko, hiru iruzkin:

-- 1. Emakumeek gizonezkoek beste irabazi nahi badute, industrian sartu beharko dute normaltasunez.

-- 2. Belaunaldi gazteak normaltasun berrian inplikatu nahi baditugu, gizarte helduak ulertu beharko du ezin duela bere ongizatea oinarritu gazteen etenik gabeko prekarietatean. Eta...

-- 3. Guztiok aurrera egingo dugu, inor ez badugu bide bazterrean ahaztuta uzten.

Denon arteko ituna behar dugu. Itunik gabe ez da normaltasun berririk sekula izango.

Euskadi Irratia – Albiste faktoria

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: