Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Norena ote itsasoa

Norena ote itsasoa

Amatiño 2024/07/08 12:40
Norena da itsasoa? Galdera erraza, behar bada, baina ez erantzun samurrekoa nonbait, gizateriak ez baitzuen nolabaiteko ihardespen bateraturik adostu orain dela… 40 urte arte! Eta, gainera, inori ardura al zaio?

Erromatarrek Mediterraneoa, mare nostrum, euren itsasotzat hartu eta, eurena omen zenez, behin baino gehiagotan ixtea ere, mare clausum, otu izan zitzaien. Erromatarren eskolari jarraiki, Erdi Arotik aurrera, Espainia, Portugal nahiz Ingalaterrako inperioak itsasoez jabetu eta mugak zein langak jartzen ahalegindu ziren. Mare liberum ideia arrazoitzeari ekin zion aurrena Hugo Grotius nederlandarra izan zen, XVII. mendean. 

Ia hirurehun urte geroago, berriz, Estatu Batuek euren itsasaldeko eskubide ekonomikoak aldarrikatu zituzten eta, jarraian, beste horrenbeste egin zuten  Ameriketako  hainbat estatuk, baita Afrikar Batasunaren Elkarteko kideek ere, “europar harraparien” beldur-edo, zenbaitek sumatu zuenez. Ondorioz, 1982 urtean erabaki zen, azkenik,  Itsas Zuzenbidearen gaineko Nazio Batuen Konbentzioa. non biltzen den  "Ozeanoen Konstituzioa" eta, besteak beste, 12 eta 200 itsas-miliako araudia.

Honetaz guztiaz eta, bereziki, historian zeharreko unean uneko euskal presentziaz (1), lehiaz (2) eta “euskal zubiaz” mintzo da Donostiako Euskal Itsas Museoak ireki berri duen “Mare Clausum. Norena da itsasoa?”  erakusketa, azaro arte zabalik iraungo duena.

Erakusketa txukuna bezain laburra, ardura zehatzez irakurtzea (lau hizkuntzatan) eskatzen duena (3).  Alegia, ez da erakusketa “entretenigarria” edo denbora pasatze aldera umeekin joatekoa, baina bai, guttxienez, ordu erdiko sartu-irtena egitekoa. Baita, aukeran, gidariaz, eskolako neska-mutilekin gogotik bisitatzeko modukoa ere. Nago, gainera, panelak eginak daudenez, apropos-aproposa izan daitekeela sarean jarri eta internetez jarraitu ahal izateko, mundu guztia ez da-eta, oraindik, Donostian bizi.

Julio Caro Baroja zenak esana da, historian zehar Euskal Herriari ondo suertatu izan zaizkiola gauzak itsasora begira jarri izan denetan, baina trakets samar, ostera, itsasoari bizkar eman dionetan.

Zer ote, ordea, itsasoari begira jartzea? Aurreko larunbat arrantsaldean milaka lagun –uholdeka-- pasatu ziren Euskal Itsas Museoaren atari aurre-aurretik Kontxan ziren estropadak Aquarium gainetik edo Pasealeku Berritik ikusteko, eta susmoa dut inor gutxik baliatu zuela abagunea museo barruan sartzeko. 

Hartara, norena ote itsasoa? Ez dirudi, bederen, gurea denik. Are gutxiago inoiz izan denik.

1) Itsasbideak.

2) Arrantza (balea), trepetxuak, burdina, zilarra, oihalak, itsasoz haraindikoak…

3) Eta adineko jendeak erraz asko irakurtzeko letra-motaz eta behar besteko argitasunaz.

.Euskal Itsas Museoa

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: