Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Nora bere noraezean

Nora bere noraezean

Amatiño 2021/09/12 00:25
Ane Pikaza sinesgarria da bere bakardadean. Bere osteratxoa, berriz, naif samarra, motela, borondatetsua. Beragarria, agian, baina inondik ere ez hunkigarri edo zirraragarria. Gehiegikeriarik gabeko euskal paisaia, euskal aktore ezagunen zerrenda, musika hurbila, laueleduna… euskal publikoa bereganatzeko moduko faktoreak dira.

Ane Pikaza Nora da, Lara Izagirreren “Nora” filmean, behar bada noraezean doalako furgoneta zaharrean, bere bizitzaren nondik norakoarentzako erantzun bila. Zer aurkituko-eta, gustuko duen ilustrazio-mota topatuko du Norak Hendaiako liburudendan (Ulysse, kartografia eta bidai-liburuak), segurutik ere Ane Pikazak berak, noizbait lehenago, beste nonbait, bere ilustrazio-moldearekin tope egin zuen bezalaxe. Baina, ilustrazioak marraztetik bizi al daiteke galdetuko dio amak, krudel asko, Nora alaba gaixoaren zaletasuna gutxietsiz.

Amaren enpatiarik ezak, aitona hil berriaren errautsak lau haizetara astindu beharrak, bidai-liburuak egin ezinaren frustrazioak eta uste baino lehenago “beste bat” aurkitu duen bikote izandakoak osatzen dute Noraren iragana. Ilustraziogintzaren aurkikuntza, amaren aldaketa-susmoa  eta tango-doinu malenkoniatsua bezain ezustekoa izango dira, nonbait, etorkizuna. Auskalo.

Ane Pikaza sinesgarria da bere bakardadean. Txangoa, ostera, naif samarra, (bere zenbait ilustrazio gisa), xumea, borondatetsua. Beragarria, agian, baina inondik ere ez hunkigarri edo zirraragarria. Behar bada, “femeninoa” esango nuke, zentzurik onenean, emakumeak alderdi txiker eta nimiñoak balioesteko gai baitira, gizonezkook zertzelada nabarmen larriagoak behar ditugun bitartean maila berean erreakzionatzeko.

Gehiegikeriarik gabeko euskal paisaia, Hector Alterioz gainera euskal aktore ezagunen zerrenda (Ramon Barea, Klara Badiola, Loli Astoreka, Aizpea Goenaga, Itziar Ituño, Iñigo Aranbarri, Kepa Errazti, Naiara Carmona, Peio Berterretche etab. ), musika hurbila (Pascal Gaigne, Paula Olatz eta Izaro), laueleduna (euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez)… euskal publikoa bereganatzeko moduko faktoreak dira. Beste kontu bat dateke, ordea, gure ingurunetik kanpo.

Nora
Nora (Ane Pikaza), Hendaiako Ulysse liburudendan, ilustrazio bila.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: