Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Nor, nori, nork... edo faktore-ordenaren garrantzia

Nor, nori, nork... edo faktore-ordenaren garrantzia

Amatiño 2012/12/23 16:55
Artur Mas da herenegundanik Kataluniako "president" berria. Independentziaren gaineko erreferenduma 2014an izango omen da. Katalunia badoa, berriro ere Katalunia aurretik, beste behin Katalunia aitzindari. Eta gu, ostera, mozolo-mozolo, adorerik eta kemenik ezaz, geldo-geldo begira baino ez. Bai ote?

Badira, bai, euskal gizartean, berriro ere, Kataluniara begira jarri direnak, 2014an izango omen den independentziaren gaineko erreferendumaz inbidia direnak, eta ageri-agerian galdetzen dutenak ea zergatik Euskadik ez dituen Kataluniaren erabaki-ahalmena, grina eta ausardia. Beste behin, antza, Katalunia aurretik eta Euskadi, aldiz, nolabaiteko autonomiatxoarekin konformatu beharraren beharrez.

Ea, serioak izan gaitezen, ganora apur bat, lelokeriei amain eman gabe. Ez dezagun gero faktore-ordena aldatu. Ez diezaiogun geure buruari iruzur egin… Katalunia ez da zurrunbilo horretan sartu Euskal Autonomia Erkidegoak jorratu nahi lituzkeen urraspideak aspaldi gaindituak dituelako, Euskadiren mailara iritsi nahi eta ezinean, nora ezean diharduelako baizik. Katalunia ez da Euskadik amets duen bidea. Hain zuzen ere, alderantziz, aldrebes da, alegia: Euskadi da, Kataluniak –gogotik aldarrikatu arren-- lortu nahi eta ezin duen eredua.

Nor, nori, nork. Kataluniak ez du Euskadik ez duenik, askatu ezinezko barne-korapiloa eta mutur jakinekorik gabeko mataza galdua baizik. Euskal Autonomia Erkidegoak zein Nafarroak dituzte, ostera, Kataluniak itsu-itsuan bihar bertan sinatuko lituzkeen ahalmen-egitura eta eskuduntza ekonomikoak.

Ez nahas, beraz. Ez, independentzia bezalako hiru semaiko hitz potolo eta arolen aitzakiaz, faktore-ordenarik aldatu. Lantzean behin baino ez bada ere, mamiari begiratu, edukiei. Eta ez gero pentsa inorena beti hobea denik. Ezta hurrik eman ere.

Devolution

Finantial Times egunkariak euskal kontzertu ekonomikoa jo zuen irtenbidetzat, kataluniar gatazka konpontzeko

jaime
jaime dio:
2012/12/24 16:06
Nahiko argi geratu zaigu gehienoi, Mas jaunaren independentziarekiko tupusteko grina hori itxurakeria hutsa izan dela. Argi geratu zaigu ere itxurakeria hori Españako gobernuarekin duen tirabiraren ondorioa dela. Jakina, Euskadiren ahalmen egitura eta eskuduntza ekonomikoa batzen ditzan itun autonomikoa Catalunyarentzat lortzea dela tirabira honen zioa.
Beraz, hori ikusita, Catalunya baino hobeto gaudela ematen du. Beste aldetik, gaur egun, Españatik bereizteak edo independentzia lortzeak amets ero edo utopikoa dirudi. Konforme. Baina, kontuan hartuta Españaren efektu edo eragina kaltegarria dela oso Euskadiren ekonomiarentzat, langabezia tasaren igoera lekuko izanik, zer arraio egin behar dugu independentziaren asmoa baztertzen baldin badugu? Eskertuko nioke nire barruko nahaste-borraste hau argituko lidakeenari.
Jaime
Jaime dio:
2012/12/24 16:40
Barkatu.
...eskuduntza ekonomikoa batu ditzan...
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: