Nola ote “una furtiva lagrima” txineraz?
Mende honetan Txina izango omen da munduko ekonomiarik ahaltsuena. Azken aldiz, XV-XVI mendeetan izan zen Txina ekonomia-garapenaren buruzagi. Gauza asko aldatu dira bostehun urteotan baina, alderen bat nabarmentzekotan, orduan Txinak muzin egin zion bere mugetatik kanpo ateratzeari, eta oraingoan, berriz, buru-belarri ateratzen ari zaigu. Orduan, Txinarik zenik ere ez genuen jakin. Egun, ostera, jo-ta-pasa egingo digu.
XVI. mendean Ming dinastia agintean zelarik, Txinak lortu zuen sekulako botere ekonomikoa, Europak ziharduen bitartean Amerika, Ozeano Barea eta mundu-bira “aurkitzen”. Txinak mugak itxi eta gainerako gizateriari bizkar ematea erabaki zuen. Agian ez zuelako sumatzen, kanpoan, interesik merezi lezakeenik ezer.
Gure eurozentrismoa lagun, XVI-XVII. mendeetan Espainiar Inperioa izan zen munduan boteretsuena; XVII-XVIII. mendeetan, Frantzia; XIX.ean, Britainia Handia; XX.ean, Ameriketako Estatu Batuak eta, antza, XXI.ean, Txina izango.
Txina heldu da, azken 40 urteotan, nekazari-herrialde txiro samar izatetik, munduko bigarren ekonomia nominala izatera, Estatu Batuen ondotik eta Japonia, Alemania, Britainia Handia edo Frantziaren aurretik. Eta ez ongizatea lortzeko mendebaldeko damokrazia liberalek ezinbestekotzat jotzen dituzten baldintzei jaramon eginez, “merkatu-ekonomia sozialista txinatarra” deritzon ez ohiko alternatiba indarrean (eta indarrez) jarriz baizik.
Sendotzat jotzen duen barne-formula horretan oinarrituz, sekula aurretik ez bezala, Txina mundura atera da eta nazioarteko merkatuetan kokatu ditu bere erakusleiho komertzialak; ez, soilik, ekoizpenik lehiakorrenak azaltzeko, baita kultura-arloan kopiatzeko ere, mendebaldeko eredu homologagarriak.
Txina gero eta handiagoa, botoretsuagoa eta anitzagoa da. Txina dira urrezko dragoiak eta zintzilikario gorriak. Txina dira gure kale kantoiko bazarrean erdi prezioan erosten ditugun plastikozko katiluak eta antoxinak. Txina dira, honezkero, teknologia garatuak eta energia berriak. Eta Txina dira, gainera, “Una furtiva lagrima” edo Traviata operaren ariak munduan zehar kantatzeko gai diren ahots gazteak.