Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Noelak: arrantzaleentzako bertso barrokoak

Noelak: arrantzaleentzako bertso barrokoak

Amatiño 2024/01/05 10:35
Euskal literatura klasikoak Eguberriaz eman duen idazlanik berezienetakoa da Ziburuko Joanes Etxeberriren “Noelak”. Batetik, aurrenetakoa delako; bestetik, sarrien berrargitaratua; eta, gainera, arrantzaleentzat burutua izan arren, barrokoena. (1)
Noelak: arrantzaleentzako bertso barrokoak

1730eko argitalpena, hainbat akatsez (6)

Pedro Axularren (1556-1644) belaunaldiaren inguruko sasoia (Materra, Harizmendi, Argaiñaratz…) da Lapurdiko euskara klasikoaren urrezko aroa, eta Joanes Etxeberri dugu garaiko “argizagia”. Oihenarten iritziz, idazle ziburutarra benetako maisua izan arren hitz lauz, damurik bertsoz idatzi zuen (2), eliz-kantutan ohitua zen arrantzale-gizarteari (eta euskaldun orori) samurrago gerta zekiokeelakoan (3).

Zalantzarik ez gero, Noelak (1630) bertso-bildumak arrakasta nabarmena izan zuela, ez baitzen alferrik zazpi edo zortzi bider berrargitaratu. Hala ere, ez dirudi Etxeberri eruditoak (4) ahalegin berezirik egin zuenik Ziburu eta  Donibane Lohizuneko arrantzale-jendea erakartzeko, erabili izan zituen ezohiko zenbait molderen karietara, inondik ere beharrezko ez ziren joko barrokoak baliatu zituen-eta (5).

1) V.2.a.2. El barroquismo etxeberriano. Siglo XVII. Desarrollo y edición de las letras vascas septentrionales. Amélie Arcocha-Scarcia, Beñat Oyharçabal.

2) Liko Akesolok (“Noelak”, Donostia, 1970) gogorarazten duenez, Oihenartek zein Koldo Mitxelenak uste izan zuten Etxeberri Ziburukoak  “hobe zukeela” hitz lauz idatzi izan balu.

3) Oihenartek berak entzun omen zion Etxeberriri, Ziburuko arrantzale eta marinelen bertsozaletasunari hobeto erantzuteko burutu zituela bertsotan bere idazlanak.

4) “Doctor teologoa” eta Ziburuko erretorea. Etxe oneko semea (anaia osagile), jesuitetan ikasia. Hain zuzen, azken bertsoak Loiolako Inaziori opa dizkio: Esker itzultzen darotzut, zeure jaiatetxean / Lohyola iauregiko, aldare aitzinean. / Arren, bada, errezibi zazu onen partera / zeure hizkutzan bihurtzen darotzudan eskerra./

5) Honako bertso honetan, adibidez: "Ezen, dakusun bezala, euskaldunak, zaharrek/ kanten maitatzaile deithu zituzten erromarrek/." Nahiz irakurleak nekez sumatu ahal izan, elkarrengandik horren urruti kokatu arren,  zaharrek da erromarrek  substantiboaren adjektiboa, alegia: erromar zaharrek. Eskerrak, Urdazuri ibai inguruko marinelak arrantzan onak diren...

6) Noelak delakoaren azken argitalpena 1970an. (Sociedad Guipuzcoana de Ediciones y Publicaciones, S.A.) kaleratu zen, Lino Akesoloren azterketa, egokitzapen eta aurkezpenaz. Hartara, Akesolok berak argitu zuen 1730eko edizioa akatsez josia argitarartu zela, izenburua bera tarteko.

Oier Gorosabel
Oier Gorosabel dio:
2024/01/07 13:20
Hire markia hautsi dok, Amatiño: oin-oharretan testu gehixago jagok, artikuluan bertan baiño.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: