Nire azken zikloa
Urteak joan eta urteak etorri, belaunaldiak joan eta belaunaldiak etorri, teknologia eta ekonomia zikloak joan-etorrian jardun ohi dira, sarritan askorik jabetu ere jabetzen ez garen arren. Bost uhin nagusi izan omen dira azken 200 urteotan.
Industria Iraultza hasi zen lurrun motorraz eta ehungintzaz. Ondoren etorri zen burdinaren nagusitasuna eta trena. Gero, ordea, argindarra, kimika eta errekuntzako motorra. Atzetik, hegazkigintza, espazioa eta petrokimika. Oraintsu, Informazio eta Komunikazio Teknologien uhina.
Aipatu uhin horien inguruan izan dira, tarteka marteka, 20-30 urteko ziklo emankor samarrak eta ondoko gainbeherada nabarmenak: Ondorengotza Gerra, 29ko kraka, II Mundu Gerra eta petrolioaren lehen krisi latza. Orain, badirudi, 2008ko krisialdia gainditzen-edo dihardugula, behingoz... Zer etorriko ote da gero?
Auskalo, ziklo berririk ezagutzeko aukerarik izango ote dudan. Hasierarik, behar bada, bai. Baina, amaierarik... amaierarik ez, behintzat. Eta hogei urte barruko hurrengo zikloa? Ezta hurrik eman ere gero.
Etorkizuna helduko da eta ni ez naiz egongo. Ez da sentsazio batere triste edo penagarria. Baina bai, ostera, arraroa.