Nire aukera besterik ez da
“Euskaldunon Egunkaria” sortu zeneko 25. urtebetatzea dela-eta, ezinbesteko ospakizunez eta balantzez gainera, berriro berpiztu da orain hogeita hamar urte loratu zen eztabaida: egunkaria bai, baina, publikoa ala pribatua? Ni beti azaldu nintzen egitasmo publikoaren alde. Bistan da ez zidatela jaramonik egin. Ezta egin beharrik ere, jakina!
Egitasmo publikoen alde egoteak ez dakar ekimen pribatuen kontra egon beharra. Esan gura duena da, oinarrizkotzat jotzen diren gizarte-zerbitzuetan xahutu beharreko diru publikoek kontrol publikoa eskatzen dutela, hezkuntzan, osasungintzan, polizian zein komunikabideetan. Horrek ez du esan nahi zilegi ez denik eskola, ospitale, segurtasun edo komunikabide pribaturik. Horrek esan nahi duen bakarra da, diru publikoak, lehen eta behingoz, zerbitzu eta azpiegitura publikoei erantzun behar diela eta gero gerokoak.
Duela hogeita hamar urte inguru, Euskal Telebista eta Euskadi Irratia egitasmoen publikotasuna normaltzat jo zuten edozenbat “aurrerakoi” euskal egunkari pribatuaren alde eta publikoaren kontra azaldu ziren. Ez zuten sekula, nik uste, aurkako jarrera horren zio objektiborik jendaurrean arrazoitu.
Hogeita hamar urte geroago, epika eta lirika guztien gainetik, nik, aukeran, nahiago Euskadi Irratiaren eredua. Inor gutxietsi gabe, produktu homologagarriagoa iruditzen zait, profesionalagoa eta anitzagoa.
Beste modu batez esanda, nik, aukeran, nahiago Euskadi Irratiaren langile izatea, dagoen egunkari pribatuarena baino. Eta, aukeran, nahiago irrati horren entzule, egunkari horren irakurle baino.
Baina aukera bat besterik ez da, nahiz inork jaramonik egin ez.