Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Nicasio Landa, lege zaharreko nafarra

Nicasio Landa, lege zaharreko nafarra

Amatiño 2015/07/09 00:10
Espainiako Gurutze Gorria 1864ko uztailaren 6an sortu zen, Madrilen. Inor gutxik daki, ordea, Nafarroakoa bezperan jaio zena, Iruñean, eta, bien eragilea, Nicasio Landa, iruinseme, foruzale eta euskaltzalea.

Pio Barojak esana: “… Landa era un hombre muy culto, había estado en las ambulancias, en la guerra franco-prusiana y había escrito sobre cuestiones de Antropología. A mí me curó un brazo que me disloqué al caerme en un hoyo de la Vuelta del Castillo” (La Cruz Roja: memoria y paz. Enrique Samaniego. Donostia, 2013).

Nicasio Landa y Álvarez de Carvallo, Iruñean jaio arren, haurtzarotan eta mutikotan Lesakan bizi izan zen, aita bertako mediku titularra zenez gero. Berak ere medikuntza ikasi zuen, eta 1856 urtean doktoretza amaitu “Influencia de la Civilización en la Salud Pública” tesiaz, bere joera hasiera-hasieratik erakutsiz.

Urte berean oposizioz lortu zuen lanpostua Iruñeko Hospital Militarrean eta, handik aurrera, hiru hamarkada luze egin zituen, aldi berean mediku, militar eta giza-eskubidezale izateari zerion atakan. Afrikako zein Europako hainbat gerratan Gurutze Gorriaren behatzaile aritu zen; Espainia, Frantzia eta Italiako zenbait akademiaren bazkide egin zuten; Nazioarteko Zuzenbide Institutuaren partaide eta lauzpabost libururen egile.

Katedraduna, humanista, pentsalaria, eleanitza (bederatzi hizkuntza zekizkien) eta foruzalea, Juan Iturralde y Suit, Esteban Obanos, Arturo Campión, Aniceto Lagarde eta beste edozenbatekin batera sortarazi zuen, 1877an, Nafarroako Euskal Elkargoa. Baita erakundearen “Euskara” aldizkaria Landak berak zuzendu ere.

Maria Cristina erreginak 1886an bisitatu zuen Elkargoaren egoitza eta, harrera-hitzetan, Landak euskal arbasoak eta hizkuntza laudatu zituen, Auñe-mendi inguruko kultura goratu, “Jaungoikoa eta Fueroak” aldarrikatu eta askatasun-haritza "arbola santutzat" jo.

Segurutik espainiar erregina bati sekula euskaraz eskainitako domina bakarra Nicasio Landak zenak jarri zion: “B.M. Erregiñ Erondari, Maria Kristinari”.

Nicasio Landa

"Cofundador de la Cruz Roja Española. En Pamplona, 5 julio de 1864". Erdipurdiko egia.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: