Argentinar dantzari-ohiaren zirrara, Nestor Basterretxearen omenez
Nestor Basterretxearen omenez eta gomutaz, Jose Angel Irigaray eta Josu Zabalaren Erroen modernitatea dokumentala (litera&musika/5. Pamiela, 2008) ez da inondik ere berria, artista bermeotarra hil baino sei urte lehenagokoa da-eta. Baina ekoizpenaren balioa, urteekin murriztu ez ezik, handitu egin da eta handitzen jarraituko, sekula gehiago errepikatuko ez den zortzi hamarkadako material preziatua biltzen baitu: Nestorren gaztaroko Bermeo, gerra-garaia, atzerria (1) Argentinan, ezkondu (1952) osteko itzulera eta ondoko mende erdian jorratutako arte-lan eta emaitzaren bilduma, diseinua, zinea, pintura nahiz eskultura-arloan, Arantzazuko kripta, Euskal Kosmogonia edota han-hemenka barreiatutako ekoizpen joria (2).
Dokumentalak biltzen dituen lekukoak onak bezain apartekoak dira segurutik, baita adierazgarriak ere testuinguruari dagozkion audioak eta irudiak, baina Nestorri berari berariaz egindako elkarrizketak ez du, eta ez du izango, parekorik.
Dokumentala nahiko ez balitz lobezala, proiekzioak zirauneino alboan izan nuen nik beste inork ez zuena: 92 urteko emakumea, nire senitartekoa, Argentinatik etorri berria, 1940eko hamarkadan bazterretxeatarrekin batera Buenos Airesko "Saski Naski" dantza-taldean aritutakoa. Haren zirrara-aurpegiak, begi-ninien distirak eta negar-malkoen hezeak frogatu zidaten, beste edozein hitz-jariok baino adierazgarriago, aurrez aurre genituen irudien egundoko balioa.
Neurriaz eta mailaz asmatzen jakin
Batere-batere etenik gabe, txaloei betarik emateke, Pello Ramirezek (biolontxeloa eta akordeoia) eta Nacho Sotok (pianoa) elkarrekin eskainitako kontzertuak ez zuen mailarik jaitsi. Ez da gero erraza horrelako klimaxean goiari eustea, baina ordiziar musikariak jakin zuen asmatzen beren-beregiko hamarren bat konposiziorekin.
Musikari ona da musika onak egin edo ondo jotzen dituenak. Baina artista ona da, berriz, zentzu guztietan, unean uneko giroarekin eta entzuleekin bat egiten asmatzen duena. Pasatzea ez heltzea bezain traketsa da. Eta Pellok, eraz eta moldez, neurriz eta mailaz asmatu zuen.
1) "Alsina" itsasontziaren epopeia ere, non Basterretxea familia, Nestor bera tarteko, abiatu zen Marsellatik Buenos Airesa, Marroko, Dakar, Veracruz eta Habanan zehar. Hamabost egun iraun behar zuen bidaia 441 luzatu zen.
2) Artista gogotik polifazetikoa, Berak esan ohi zuen: "Zoragarria dena anitz modutan adierazten da".