Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Nerabezaroa gainditu

Nerabezaroa gainditu

Amatiño 2012/07/06 00:05
Aspaldiotan sarri entzun ohi diegu enpresa-ekimenik sekula euren bizkar hartuko ez dutenei (eta hemen bakoitzak aipa bitza burura datozkion giza-sektore hiperkritiko guztiak) enpresa txiki eta ertainarenak egin dituela behin betiko, kapitalismo erraldoiaren eta neoliberalismo maltzurraren mandiopean.

Seguru gero egoera zeharo gaiztoa dela baina hainbati entzunez gero badirudi horixe dela, hain zuzen, beraiek nahi luketena, aldez aurretik duten iritzi ezkorra onesteko baino ez bada ere. Miseria mingotsik ere sumatzen dut nik nolabaiteko burutazio malurusean: nik sekula egingo ez dudanez, ez dezatela besteek ere egin, ez nazaten lotsagarri agertarazi.

Ez, esan bezala egoera ez da inondik ere ona, baina Eustat-ek aditzera emandako datuen arabera 2011ko esportazioak inoiz izandako handienak izan ziren, bai 2009ko zein 2010eko datuen goitik, eta baita krisia hasi aurreko (2008) kopuruen gainetik ere. Eta hazkuntza horretan eragin nabarmena izan zuen gure enpresa txikien eta ertainen nazioarteratze-estrategiak.

Guztira 2621 enpresa dira Euskal Autonomia Elkartean azken lau urteotan etenik gabe eta normaltasun osoz euren produktuak atzerrian saldu izan dituzten lantegiak. Euretarik gehien-gehienak, txikiak eta ertainak. Oro har, 2011an aurreko urtean baino dezente gehiago (+%18) esportatu zuten, 2009an baino nabarmen ugariago (+%40 ) eta 2008an baino apur bat areago (+%0,4).

Gaur egun, euskal enpresek denetarik esportatzen dute. Bai ohiko esku-erremintak, makina tresnak eta horni-ondasunak, baina baita ere mediku-tresneria, konpositeak, kontserbak, ardoa (txakolina tarteko), aholkularitza, ikerkuntza, automozioa, softwarea, teknologia berriak etab. etab.

Hots, merkatua  da zaila, bai; nazioarteko multinazional handi-mandien eragina, nabarmena, bai; finantzabiderik eza, larria, bai; baina, hala ere, laino guztien azpitik eta sasi guztien gainetik, edozenbat euskal enpresa txikik eta ertainek diraute mundu-mailan lehiakor izan nahirik. Eta sekula enpresarik sortzeko adorerik izango ez duten teoriko ilustratuek hobe lukete, gutxienez, apalagoak izan eta zuhurrago jardun. Batez ere aurrekontu publikoetatik bizi direnek.

Lanbide guztiak dira arras errespetagarri eta bakoitzak betetzen du, jakina, bere gizarte-funtzioa; baina sekula lanpostu battorik ez sortzeaz gainera lanpostuak sortarazten dituenaren lana ez dela intelektuala uste duenak ez du, oraindik, nerabezaroa gainditu.

EAEko esportazioak

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: