Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Nerabetan, adurra zerigula, ezagutu genuen Marylin

Nerabetan, adurra zerigula, ezagutu genuen Marylin

Amatiño 2022/10/14 10:05
Edonork du edozein historia asmatzeko eskubidea, baina ez asmakizunak egiantza –are gutxiago egiazkotzat-- azaltzeko, eta, zer esanik ez, harako asmakizunak jakineko pertsonen bizkar irudikatzeko. Denak ez du balio.

Milaka dira, honezkero, Blonde filmaz idatzitako erreportaiak, kritikak eta iruzkinak, baina, nago, inon ez dela laburbildu Filmaffinityren sinopsi minimalistan bezain ondo: "Basada en el bestseller de la cinco veces finalista al Premio Pulitzer, Joyce Carol Oates, BLONDE es la historia personal audazmente reinventada de la sex symbol* más famosa del mundo, Marilyn Monroe. La película es un retrato ficticio de la modelo, actriz y cantante durante los años 50 y 60, contada a través de la mirada moderna de la cultura de las celebridades“.

Alegia, fikzioaren fikzioa, birfikzioa. Zaila bazen, harako nobelan, errealitatearen eta asmakizunaren arteko marra gorriak bereiztea, filmak alegiazko guztien arteko mugak lausotzen ditu.  Marylin Monroeren garaietako ustezko pasadizoak, gertatuak edo ez, benetan jazo izan balira bezala agertarazten zaizkigu, egungo celebrityen eta sare sozialen  “fake” kulturaren ildotik.  Andrew Dominik zuzendariak berea egiten du Mark Twainen leloa: ez laga inoiz egiak zure istorio onari trabarik egin diezaion**

Ikuspegi anitzeko filma. Aldi berean gustuko dakioke 'zazpigarren artearen' molde, joko, kolore, eraberritze eta imintzio teknikoen zale denari, eta aspergarri gertatuko, berriz, eten gabeko obsesio eta errepikamen luzeak gorroto dituenari.

Filma berbera gai da “Me Too” mugimenduaren txaloak biltzeko eta, halaber, emakumearen esplotazioaren morboaren bizkar produktu komertziala egin izanaren kritika jasotzeko.

Batetik, Ana de Armas aktorearen berriketa gabeko lan itzela laudatuko dutenen iritzia, eta, bestetik, kubatarrak Marylinen sex-appealik inondik ere ez duela uste dutenena.

Zenbaitek irudikortzat hartuko du Marylini leporatzen zaion amodio-triangelua, eta beste hainbatek, ostera, premiarik gabeko asmakizun hutsa eta antzua dela gogoratuko. Ildo beretik, ez da falta izango John Kennedyri egindako fellazioan ausardia ikusiko duenik, ez eta horrelakorik asmatzea zilegi ez dela uste izango duenik ere.

Edozein modutan, zer nahi delarik, denok ere bat etor gaitezke adosterakoan, garai hartako Hollywood hura inoizko matxistena izan zela, eta Marylin Monroe mito erotikoa, aldiz, uste baino neska argiagoa, irakurzaleagoa, anitzagoa eta feministagoa, nahiz, baita ere, zorigaitzeko emakume abandonatua, laidotua, zauritua, mindua eta segurtasunik gabea izan.

* Behar bada Marylin Monroe izan zen sex symbolik ezagunena Ipar Ameriketan, baina Europan, behintzat, Brigitte Bardot. Marylinek  "La tentación vive arriba"  egin bazuen 1955 urtean, Brigittek  "Y Dios creó a la mujer" aurkeztu zuen 1956an. New York vs. St. Troppez. Komedia barregarri amerikarra, lehena; drama erromantiko europarra, bigarrena. Atera kontuak zein ote goriagoa. 

** Mark Twain (1835-1910): "Never let the truth get in the way of a good story".

Ana eta Marylin
Ana de Armas eta Marylin Monroe

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: