Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Nerabe guztiek ikusi beharko luketena

Nerabe guztiek ikusi beharko luketena

Amatiño 2017/12/02 13:45
“Giltzadun etxea – La casa de la llave”, Mada Aldereteren (Madril, 1959) poema antzeztua, antzerkietatik atera eta eskolarik eskola jokatu beharko lukete. Gainditu ezinezko matxismoa eta bortxaketak direla-eta, gazte jendearen sexu-heziketa horren zaila suertatzen omen den honetan, nekez zabalkunde-programa hoberik.

Aitortu behar dut lagun-giroak eraman ninduela atzo iluntzean Donostiara, jakinezta: “Zortziak aurretik Victoria Eugeniako atarian". Eta, nahiz kostata izan, hantxe bertan nintzen esandako orduan, zer ikusi behar nuenik ere jakin ez arren. Nik baino asti gehiago duten lagunek burututako plana: antzerkia ikusi, pare bat pintxo eta beste horrenbeste txakolin jo eta… etxera.

Tanttaka eta Mireia Gabilondo tarteko zirena baino ez nekien antzezlekuko argiak isiotu zirenean. Bost minutu, edo hamar, behar izan nituen eszenatokiko taula gainean ziharduten lau neskak zertaz ari ote ziren jabetzeko eta, handik aurrerako ordubetean, belarriak erne eta begiak zabal-zabalik izan ninduten, senetik senera.

Testu ikaragarri ona gero –eta gordina— Mada Aldereterena; bikaina bezain naturala –beti bezala — Mireiaren antzezlana, eta sinesgarria oso, Ainhoa Aierbe eta Vito Rogado antzezkideena. Sekulakoa, berriz, ustekabekoa, Ainara LaGardonen zuzeneko musika eta kanta-ezarpena.

Nolabait (lar) esateko, han, asmorik onenaz baina, aukeran, aproposena ez zena, bertan bildutako ikusentzuleria zen. Alegia, jende aldez aurretik konbentzitua Mada Aldereteren laguntzarik behar ez duena, matxismoa eta bortxakeria gaitzesteko.

Seguru gero errazagoa dela esatea egitea baino, baina “Giltzadun etxea – La casa de la llave” da, 15-20 urte bitarteko neska-mutil guztiei erakutsiko beharko litzaiekeen lana.

Casa de la llave

Mireia Gabilondo, Vito Rogado eta Ainhoa Aierbe

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: