Nekez bi semeren ama Annapurnan
Seguru gero Tolo Calafat ez dela arrazoi bakarrarengatik hil, bata bestearen ondotik erreskadan elkartutako zenbait zoritxarreko ziorengatik baino: edemaz, nekez, ezbeharrez, bakardadez, laguntzarik ezaz eta, ziurrenik, egoskorkeriaz, amore eman nahi ezaz eta norberaren mugak neurtu ezinaz. Baina, behar bada, baita gizonezkoa izateagatik ere. Ze, onartu dezagun, inork imajinatzen al du bi semeren amarik Annapurnaren magaletan negar-zotinka?
Euskadi Irratian Iker Pou mendizaleak gogorarazi duenez, arabarrak eman omen zion mallorcarrari Annapurna gaiztoaren zailtasun larrien berri. Eta Calafatek, berriz, Pouri erantzun “ez ziola bi umeren amari holakorik kontatuko”. Gero, aldiz, maldan behera nahi eta ezinezko laguntza eskaka bi semeren gomutaz.
Gauza hauek ez zaizkie emakumeei gertatzen. Ez horren koherentzia urririk, ez eta bikotearekin isilpean ibili beharrik ere. Emazteari arriskurik ezkutatzen dizkion senarrak ez du horrelakorik egiten emakumea baino ausartagoa delako, behar besteko argudiorik ez duelako baino, aldez aurretik eztabaida galdutzat jotzen duelako. Arrazoirik ez duela badakielako, helduarenak egiten ari delakoan umekerietan diharduelako.
Ez dago bi semeren amarik hamar tiroko errebolberrean lau bala sartu eta erruleta errusiarrari ekingo dionik. Horrelakorik egiteko gizonezkoa behar da izan. Gizonezkoa izatearen malura.
Jaitsieran, 7.500 metro inguruan, hor nonbait amaitu dira Tolo Calafaten izatearen malurak
Nik ere Calafat hildakoak seme-alabak izateari erreparatu nion, baina ez bere aitatasunari, gurasotasunari baino. Lehenengo bururatu zitzaidana: zer egiten zuen aita batek horrelako arrisku batean? Segituan pentsatu nuen ezagutzen ditudan aita gehienak ez luketela euren burua horrelako arrisku batean ipiniko, seme-alabak mendizaletasun horren aurretik ipiniko lituzketela. Zerbait oso erakargarria izan behar du mendiak arriskuak kontutan izanda, alde batera laga, eta Annapurnara abiatzeko. Ama edo aita gehienoi ulertzen zaila egiten zaigu.