Negar haria
Kortazarrek ironiaz adierazi bezala, azpimarratzekoa da gero, Jon Juaristik eta gisakoek euskal kultura modernitatera heldu ote den zalantzan jartzen duten bitartean, Kortazarrek berak euskal postmodernitatea aztertzeari ekin izana. Nonbait, batzuentzat ez gara iritsi, beste batzuentzat jo eta pasa egin dugun bitartean. Antzera, politikan ere.
Bai, segurutik euskal literaturaren baitan sumatzen den tenka ideologikoa politikagintzan gertatzen ari den tentsioaren ispilu da, demokrazian eta kontsumo gizartean gustura sentitzen direnen eta demokrazia liberalaren kontra jardun nahi luketenen arteko tenka alegia.
Tentsio berbera, globalizazioak dakarren ateak itxi ezinaren eta herri-nortasun zein ezaugarri kolektiboei eutsi nahiaren artean nabarmentzen dena. Postmodernitatearen aurreko tentsioa, antza, Kortazarrek dioenez biktimismoaren tradizio honi “Negar haria” deitu zion-eta Koldo Mitxelenak (1915-1987).
Aipagarri ere, demokraziaren eta totalitarismoaren artean postmodernitateak sortarazten duen kontraesana. Agintearen kritikatzaile denez gero, postmodernitateak ez du sistema demokratikoaren aginteari ziririk sartzeko batere arazorik, baina nekez ausartuko da totalitarismo armatuaren aginteari kritikarik egiten.
Nere zalantza bakarra zera da, ostera: oraindik ere euskal politikagintzak modernitatean jarraitzen ote duen... euskal gizartea postmodernitatera pasatu arren.
Deia, 2008.02.11