Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Nazio euskaldunaren atarramentu gaiztoa

Nazio euskaldunaren atarramentu gaiztoa

Amatiño 2022/08/12 17:00
“Euskaldunok nahikoa dugu nonbait euskararen funtzio, estatus eta eskubide ez-hegemonikoak izatearekin“ dio Joxe Manuel Odriozolak. Eta, hartara, Estatu-aparaturik ezak, euskal botere nazionalik ezak, euskararen hondoratzea eragingo du. Horra, “nazio euskaldunaren atarramentua”.

Azken hamar urteotan Berria egunkarian idatzitako 36 artikulu batu ditu Joxe Manuel Odriozolak eta elkarrekin argitaratu, Nazio euskaldunaren atarramentua (Zarautz, 2022) izenburupeko bilduman. Izenburuak batere adjektiborik ez dakarren arren, egileak ez du zalantzarik “abertzale asimilatuz dagoen nazio euskaldunak, ezinbestez, atarramentu gaiztoa” izango duela.

Hamar urte ez ezik, hogeita hamar ere badira Joxe Manuelek gaiari ekin ziola, eta Onintza Odriozola alabak hitzaurrean dioenez: “Hizkuntza eta nazionalismoa, nazionalismoa eta hizkuntza, gurpil zoro horretan mugitu da gure aita, gurpil zoro horrek mugitu du gure aita”. Gurpil zoroa… beraz. 

Segurutik arrazoi du Odriozola aitak uste duenean, “gaur Bilbo, Gasteiz, Iruñea, Donostia, Baiona, Donibane Garazi eta Maule funts-funtsean hilda daudela herri euskaldun gisa.” Ziurrenik, “Euskal Herria ezin da aurrera atera nazio gisa, hezkuntza sistema nazionalik ez baldin badu”. Egia-antza ere, “nazio minorizatuaren aldeko eraikuntza nazionalik gabe ez dagoela hizkuntza minorizatua bere onera ekartzerik.” Eta… “euskara politizatzea ez (baldin ba) dago onartua gure hizkuntza-sisteman…” Orduan,  zer egin? 

Odriozolaren iritziz, ez dugu orain arte asmatu. Ez da, ez ezkerraz eta ez eskuinaz fio. Ez du uste “motibazio ekonomikoa” aski zitekeenik independentzia lortzeko eta, lortuko balitz ere, ez du batere segurutzat jotzen independentziak euskararen gizarte-normalkuntza erakarriko lukeenik. “Ez gara Euskal Herrian bizi. Batzuk Espainian bizi gara eta beste batzuk Frantzian”… Eta Espainian bizi garenok, ez denok barruti berean, ezarriko nuke nik.

Nolabaiteko ekaitz perfektu honetan, Odriozolari lepora dakiokeen ajerik handiena zera da, galderak egiten baino ez dakiela, zaurietan atzamarra sartzen, ausarki salatzen du-eta, ironiaz,  “geure buruak engainatzen jarraitu nahi badugu…” Nahiz, aldi berean, liburuaren kreditoetan zera agertu: Herrima argitalpenak. Madoz kalea, z.g. - 20800 Zarautz. NABARRA. Zozoak beleari, ipurbeltz.

Villasante vs Txillardegi

Polemikaren adierazgarri, Odriozolak Villasanteren eta Txillardegiren 1988ko testu bi jartzen dizkigu aurrez aurre, elkarren aurka:

Villasanteren hitzetan: "Sarri-askotan planteaketa erradikalen zale izan ohi gara; edo dena edo deus ez. <...> Baina horrelako asmo eta plangintzek beldur naiz ez ote duten porrot eginen. Ez dezagun, arren, zentzua gal. Estrategia burutsu batez beharko dugu euskararen bizitzea segurean jarri, ameskerietan eta abentura eroetan ibili gabe".

Txillardegiren esanetan, ordea: "Gure asmoa euskara batuaren beharra azpimarratu genuenean <...> ikusten genuen gure herrian behar genuela Hizkuntza Nazional bat. Guk ikusi dugu <...> euskararen arazoa guztiz proiektu nazional bati lotuta. Ez badago proiekturik euskara batua, eta euskara piztutzea eta gauza horiek ez dute inongo sentidurik". 

Odriozolaren iritziz,"Villasanteren proposamena ez da duingarria euskaldunontzat". Eta Txillardegiren aldarriak,  ordea, "euskara batua nahi du euskaldunon nortasun eta askatasun nazionala bermatzeko".

Bai, Villasanteren zein Txillardegiren jarrerak argi daude. Baita Odriozolaren hautua ere. Baina, gurpil zoro guztien azpitik eta gainetik,  besteona?

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: