Nazien urrea, Galiziako wolframioa eta Lezamako igeltseroa
Matazaren haria, Jonathan Diaz Oloroe-Jaka autobus-gidariak aurkitu zuen, 2000 urteko azaroan, geltoki zaharkituaren trenbide-bazterrean hainbat paper-puska topatu eta, ezustean, Bigarren Mundu Gerrako urre-garraioaren berri irakurri zuenean.
Agiriok zehatz-mehatz adierazten dituzten datuen arabera, 1941ean, Suitzak eta Espainiak (biak neutralak*) elkarren arteko itun ezkutua hitzartu zuten hainbat merkantzia trenez trukatzeko: Suitzatik Portugalera, Espainian zehar, naziek Holandako zein Belgikako banketxeei (eta kontzentrazio-esparruetako juduei) ostutako urrea. Eta Espainiatik Alemaniara, Suitzan zehar, Galiziako wolframioa, nazien tankeetako altzairu-aleazioa indartzeko.
Frantziako eta Espainiako trenbide-zabalera berdina ez zenez (eta ez da, tren lasterrean izan ezik), merkantzia trenez aldatu behar izaten zen, bizkarrez bizkar, alde batera zein bestera. Hartan aritu zirenetatik bizirik dirauen bakarrenetakoari (Daniel Sánchez, 90 urte inguru) galdetu diote ez ote zuten, “bide batez”, urrerik lapurtu. Eta berak erantzun: “zer egingo genuen ba, urreaz? Gu goseak geunden, eta, aukeran, nahiago genuen ostu aldi berean pasatzen ziren janariak, sardina-latak, azukrea, olioa, kafea…”
Lezamako igeltseroaren eraikuntza
Canfranc-eko nazioarteko geltoki erraldoia (240 metro luze) 1928an inauguratu zuten Alfontso XIII errege espainiarrak eta Gaston Doumergue presidente frantsesak. 1970an Frantzia aldeko zubi bat jausi zen, konpontzeko interes frantses gutxi nonbait (bada zubia nahita bota zutela dioenik) eta, geroztik, ezin esan “nazioarteko” trena denik.
Estiloz, XIX. mendeko jauregi-arkitektura frantsesari datxeko, art decó edo modernista samarra. Bibliografia guztiek dakite Dampierre arkitektuaren proiektua izan zena, baina inor gutxik aipatzen du eraikuntza Bilboko “Obras y Construcciones Hormaeche” delakoak burutu zuela.
Domingo Hormaeche Lezaman jaioa zen 1880an. Igeltsero lanetan hasi zen mutikotan eta garai hartako espainiar eraikuntza-enpresarik handienetakoaren buru zela hil zen, 50 urte zituela.
Enpresak, eraikuntza-arloan, gogotik gora egin zuen batere zalantzarik gabe, baina ez, behar bada, gizarte-harremanetan. Sindikatuekin ez zuen asmatu, sozialistekin ez omen zuen erraztasunik izan, errepublikanoek ondareak birrindu zizkioten eta gerra irabazi zutenak berehala konturatu ziren ez zela “beretarra”.
Gaur egun ez da giro mamuz jositako geltoki galduan. Argazkian, nasa "frantsesa"
Sarrera-gela, bisitarientzat txukundu den alderdirik bakarrenetakoa. Trenbidepeko eskailera nasaz aldatzeko
*Gerra amaitu zenean, Francok nahi izan zuen frogatu Espainia neutrala izan zela. "Hiru tenoreek" (Churchill, Stalin eta Truman) bazekiten ezetz, jakina. Ordainez, Stalinek (Franco antikomunistatzat zuenez gero) proposatu zuen Espainia inbaditzea. Baina Churchillek (arrazoi berberagatik) pentsatu zuen hobe zela, badaezpada, Stalinen etsairik ez alferrik galtzea.