Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Ni naiz naizena

Ni naiz naizena

Amatiño 2021/09/04 23:50
“Yo soy el que soy” antzerki-saioaren formulak aurreneko minututik funtzionatu ez ezik, azken momenturaino eutsi ere eusten dio goiari, eta egiazko historiaren protagonista beraren hausnarketa pertsonalaz amaitu. Hasi eta buka, benetan ziraragarria

“Yo soy el que soy” beste ezer baino lehenago, eraz eta moldez, berria da. Ezohikoa. Hiru interpretek --Aaron Lee (biolina), Maria Romero (ahotsa) eta Miguel Ángel Castro (pianoa)--,  75 minutuko antzerki-saioa etenik gabe aurkeztea ez da batere arrunta. Are gutxiago hiruetatik bat egiazko historiaren protagonista berbera baldin bada. Eta, zer esanik ez, protagonistak, berari gertatua kontatu beharrean, biolina baino ez badu jotzen.

Moldeak harrapatzen zaitu ezustean eta zenbait pasarteren garraztasunak ikaratzen, izugarria baita sumatzea zelan formazio sasi-oneko senar-emazte bikote erlijiosoari gehiago ardura izan zitzaion gizartearen zer esana semearen izaera baino. Jainkoaren eta semearen artean aukeratu beharra, nonbait.

Segurutik argiztapena lantzerik badago, ahotsa eta musikaren arteko balantza hobetzerik ere bai, baina gaiaren indarra, fikziorik ezaren sinesgarritasuna, ahotsa jartzen duen aktorearen adierazkortasuna, biolin-jotzailearen birtuosismoa eta pianoaren goi-maila apartekoak suertatzen dira.

“Yo soy el que soy” antzerki-saioak lehen minututik funtzionatu ez ezik, azken uneraino eusten dio goiari, eta egiazko historiaren protagonistaren hausnarketa pertsonalaz amaitu. Benetan ziraragarria.

Yo soy el que soy
Aaron Lee, María Romero eta Miguel Ángel Castro, Donostiako Antzoki Zaharrean.

 

                               ---oo0oo---

Aaron Lee Madrilen jaioa (1988) da, korear jatorrizko familian. Ama piano-jotzailea eta aita orkestra-zuzendaria. Biak ala biak 'ondo' hezituak, errotik tradiziozale eta elizkoiak (ebanjelikoak). Giro horretan, 4 urte baino ez zituen Aaronek biolinari ekin zionean eta 16, gurasoei –sumatzen zutelakoan eta lagunduko ziotelakoan— homosexuala zela aitortu zietenean. Guztiz bestelakoa izan zen, ordea, erantzuna: ezustea, ulertu nahi ezina, lotsa, onespenik eza,  tratu txarrak, isekak, irainak, mehatxuak,  zigorra, eta mendekua. Baita, engainuz, Koreako uharte batera eraman eta bost metro karratuko gelan bahitu ere, “sendatzen ez zen artean”.

Ordainetan, engainuz ere, Aaronek “sendatuarenak” egingo ditu, egoera hartatik ihes,  Madrila itzuli, gorriak pasatu, kalez kale biolina jo eta lortuko, 20 urterekin, Espainiako Orkestra Nazionalean sekula sarturiko musikaririk gazteena izatea.

Sei urtez besterik ez zuen iraun, ordea, funtzionari gisa. Gaur egun Arte que Alimenta fundazioaren sortzaile eta buru da, LGTBIQ mugimenduko nerabeen eta tratu txarrak jasandako emakumeen faboretan.

Hau guztia idatzi zuen “Yo soy el que soy” delako liburuan eta izen bereko antzerki-saioa ari da han-hemenka eskaintzen.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: