Nahiz Trumpek irabazi
Nik batere zalantzarik gabe dakidana da, ordea, Txinan nagusitu den sistemak kalte handia egiten digula euskal hiritarrik gehienoi eta, oro har, txinatarren jarduera ez datorrela bat Europako Batasunean oinarrizkotzat jotzen ditugun eskubideekin. Eta nago, guk horrela uste arren, ia inork ez duela horrelakorik salatzen.
Segurutik euskal altzairuaren krisiaren arrazoia ez da dumping txinatarra soil-soilik, baina bai, besteak beste, dumping hori ere. Haatik, ez dut uste gurean inor kalera atera denik Xi Jinping-ez mozorrotuta edo dragoi gorriren bat erretzen. Inork susmatzen al du zer gertatuko ote litzatekeen dumping hori iparramerikarra balitz?
Are gehiago, geure burua serio hartuko bagenu, onartu beharko Txinaren dumpingak ez datxekiola altzairuari bakarrik, beste edozenbat produkturi ere baizik. Eta denok isilik misilik, katuak mingaina jan izan baligu bezala.
Produktuekikoa ez eze, dumping txinarra soziala ere bada, hango langileok ez baitute mendebaldekoon eskubiderik, soldatarik edo gizarte-segurantzarik. Ez dakigu ala ez dugu jakin nahi? Eta zer esan ote genezakeen ingurumen-dumpingaz? Segundo erdi iraungo ote genuke isilik, Ipar Ameriketan Txinan duten besteko kutsadurarik balute?
Zertaz ari gara, justiziaz ala antiamerikanismoaz? Zer dugu helburu, elkartasuna ala sistemaren kontra aritzeko aitzakia bila?
Nik badakit txinatar dumpingaren kontra (industriaz, lan-baldintzez edo ingurumenaz) protestaka kaleratzeagatik ez dela euskal altzairugintza konponduko, ez txinatarren lanbidea erraztu, ez munduko ingurumena hobetuko. Baina, aitortu dezagun, zergatik ez gara protestaka kaleratzen? Soluziorik ez duelako ala estatubatuarrak ez direlako?
Garbi gera bedi. Nik, aukeran, nahiago Ameriketako Estatu Batuen sistema eta eredua, Txinarena baino. Nahiz Trumpek irabazi eta... hain zuzen ere, Trumpek berak TTIP hitzarmena zalantzan jarri.
Edozelan be azken 100 urtetan globalizazioaren eta merkatu librearen sustatzaile nagusiak ez dira Txinatarrak izan. Jakina orain tiroa kulatatik. Bizitza-maila ezin eutsi aberastasuna mendebalderantza desplazatzen ari zaielako (gure ekialdera). Ezin uko egin erosteko gaitasun handiari. Lan gehiago egin behar irabazi beretsuak lortzeko. Izan ere, munduko aberastasuna MUGATUA da (baba beltzen kopurua zehatza da). Planeta mugatua da. Baliabideak mugatuak dira. Kapitalismoak ezin du begibistakoa ikusi. Ondorioa: Trump, gatazka eta beldurra. KOnponbide bakarra dauzkagun baba-ale apurrak banatzea da hots, aberatsenon deshazkundea eta behartsuenen hazkundea. Fernandoren egia dirudi baina....