Nahiz eta irabazi, galdu
Bonbardaketak bonbardaketak dira, jakina, eta gaur egun hutsaren hurrengokoak Bigarren Mundu Gerratean Tokioko (100.000) zein Dresdeko (40.000) bonbardaketetan hil zirenekin alderatuz gero, baina zifrak erabat murriztu arren dezente nabarmendu ohi dira dira egun, gizakiaren bizitzaren berbaliotzeaz eta teknologia berrien lekukotasunaz.
Golkoko Gerra (1990) hasi zenean, ETBren erredakzio guztian kazetari bakarra zegoen CNNko irudiak Iurretan jaso ahala euskaraz artez-artez itzultzeko gauza. Sei urte geroago aireratu zen Al-Yazeera eta, oraingoan berriz, ETB bera ari da zuzenean Gazatik bertatik ematen.
Gaur egun ere, gertatzen den guztia ez da telebistan agertzen, telebistan agertzen den guztia –neurri berean behintzat— ez da beti gertatzen, eta telebista ez da, ez, komunikabiderik aproposena arazo sakonak luze-zabal aztertzeko. Baina, besterik iruditu arren, telebista da oro har komunikabiderik sinesgarriena eta ikusentzuleengan zirrara gehien sortarazten duena.
Eztabaidagarri, jakina, zein sendo izan ote daitezkeen Israelen arrazoiak baina, arrazoi osoaren jabe balitz ere (eta holakorik inoiz gutxitan gertatu ohi da), aldez aurretik galdu du komunikazioaren norgehiagoka. Odol-isuritan goritutako umeteriaren irudiak agertu aurretik ere galdua zuen dema. Zer esanik ez gero.
Batek daki zein estrategia dagokeen Gazako operazio honetan baina, inork argitzen ez duen bitartean behintzat, nekez sinetsiko dugu abenduaren 27ko erasoa Barack Obamak jakiteke hasi zenik.
Oro har bat nator. Honez gero zail da benetan asmatzea zer den lehenago, arrautza ala oiloa. Nik ulertzen diot Israeli Nazio Batuen ebazpenak onartu nahi eza, bere etsaiek oinarri-oinarrizko erabakia (Israelen Estatuaren sorrera) onartzen ez duten une beretik. Ulertzen diot Israeli arabiar itsasoan urtzeko sumatzen duen arriskua eta arrisku horrek sortarazten dion izua. Eta ez dut askorik ulertzen arabiar itsaso horren barne-kohesioa zertan datzan, Hamas eta Dubain 1.500 milioi dolarretako hotela egiteko gauza direnak ez baitira inondik ere itsaso berekoak. Bat nator ere, laburbilduz, Jean-Marie Colombani kezetari ospetsuak atzo bertan idatzitakoarekin: "Esto no disculpa en absoluto la masacre de inocentes (a día de hoy, 90 niños muertos bajo las bombas). Ahí radica, hablando cínicamente, la ventaja de Hamás: sabe que en una ciudad superpoblada y densa como Gaza, los bombadeos aéreos causan víctimas civiles; los réditos entre una opinión dispuestas a olvidar o incluso a restar importancia a los factores desencadenantes de la crisis están prácticamente asegurados. Y, para Israel, el riesgo de empantanarse en Gaza es grande, pues nadie puede salir vencedor de un conflicto así." Eta hau esan ondoren, unean uneko koiunturen gainetik (salatu beharreko kointurak ere, tarteko), nik arrazoi historikoa Israelen alde ikusten dut. Palestinarrek orain dela hirurogei urte galdu zuten aukerak (inoiz benetan bururatu al zitzaien) ez du izenik eta, dirudienez, honez gero, ezta konponbide errazik ere.