Nafarroa: Nolako sarrera, holako harrera
Nafarroan barrena errepidez sartzerakoan, bisitariak diseinu bereko kartel berbera ikusi ahal izango du beti, ez ordea irizpide berberaz idatzita. Hiru dira Nafarroako Gobernuak lurralde-sarreran jartzeko moldatu dituen kartel-motak. Hirurak dute, teoriaz, eduki berbera, baina hirurak dira, dirudienez, hainbat mezu ezberdinen adierazgarri.
Esan bezala, itxuraz hirurak dira berdinak baina, zertxobait aztertuez gero, izan badria aldaketa sotil samarrak eta mezu adierazgarri bezain adierazkorrak.
Aragoitik sartuez gero, bisitariak kartel hau aurkituko du bide-bazterrean:
BIENVENIDOS - Bienvenus-Welcome-Willkommen-Benvenuto - Reyno de NAVARRA - Tierra de diversidad.
Arabatik edo Gipuzkoatik sartuez gero, berriz, kartel bat ezezik, bi aurkitzen dira. Zenbait lekutan Altsasu inguruan esate baterako, biak elkarren parean, ezker-eskuinez. Eta Ziordia edo Leitzarandik joanez gero, aldiz, biak erreskadan, bata bestearen ondotik. Bertsioak hauek dira:
BIENVENIDOS/ONGIETORRI-Bienvenus-Welcome-Willkommen-Benvenuto– Nafarroako Erresuma – NAFARROA – Lur anitza.
BIENVENIDOS –Ongietorri-Bienvenus-Welcome-Willkommen-Benvenuto–Reyno de NAVARRA - Tierra de diversidad
Lehen eta behingoz, Aragoitik iritsiez gero, bisitariak ez du inon euskararen azterrenik aurkitzen. Nafarroan ez dago euskararik, Nafarroa ez da euskalduna eta, antza denez, ezta bisitaria ere. Iragarkiari darionez, nonbait litekeena da Aragoitik frantsesak, ingelesak, alemanak eta italiarrak sartzea baina ez, ordea, euskaldunik. Seguru gero, astebururo bertatik pasatzen diren euskaradunak gainerako lau hizkuntzadunak baino milaka aldiz gehiago direla baina Nafarroako gobernuak ez ditu kontuan. Ez daki edo ez du jakin nahi.
Euskal Erkidegotik joanez gero, berriz, Nafarroak bere aurpegi euskalduna erakusten dio bisitariari. Aurpegi bikoitza, hain zuzen ere, ezarri den formula ez baita itzulpen soila. Euskarazko bertsioan gaztelaniazko BIENVENIDOS agurrari eusten zaio nagusiki gorenean. Gaztelaniazkoan, ostera, euskara ez da Nafarroako bertako hizkuntza, kanpotik datozenen besteen parekoa baino.
Zenbaitek esango du nere azterketa hauek zazpikien hika-mikak baino ez direla, batere premiarik gabe gauzak bihurritu nahia alegia. Baina, hala ere, nik uste, zazpikia, hikamikaria eta bihurria izan behar da gero, Nafarroako Gobernuaren bulego ofizial batean horrelako estrategia hainbat egunetan burutzeko eta, gero, beharrezko aginte-mahaian zehatz-mehatz erabakitzeko. Benetan zorrotzak nafar garraio-buruzagiak, bai, zenbait arlotan behintzat.