Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Nafarroa, arrago eta biltegi

Nafarroa, arrago eta biltegi

Amatiño 2022/02/25 22:50
Nork ez du umetan “txorixo Pamplonarik” jan? Segurutik gero eta gehiago dira Euskal Autonomia Erkidegoko merkatura heldu ohi diren nafar janari-produktuak eta markak, baina, ezin esan gero, joera berria denik. Erriberako barazki freskoak ez ezik, hainbat jakineko kontserbak ere betidanik izan ditugu gure etxe atariko denda txiki zaharrean ere.

“Pamplona txorizoa” marka ezaguna baino gehiago, hestebete-mota da: txorizo-mota zehatza, jakineko 'betekizunen' arabera, edukiz, kolorez eta neurriz gutxieneko baldintzak bete behar dituena. Umetan, markarik ezagunenetakoa Pamplonica zen; baita, aldi berean, etxe bereko Mina pate ospetsua ere.

Beste kontserba klasiko bat, Chistu, 1914 urtean Agustin Solak San Adrianen sortua eta 1986 Pillsbury amerikar multinazionala erosi zuena. Badakit Chistu izenak –eta horrela idatzia, zer esanik ez— arlote samarra ematen duena gaur egun, baina, niri behintzat, sekulako zirrara eragiten zidan 1950eko hamarkadan.

Nafarroako ortuak (alkatxofak, frantses-porruak, borrajak, karduak…) beti izan du sarrera onik Debarroan eta, pentsatzekoa da, areago duela nafar mugaldeko eskualdeetan. Nire aita zenak bazuen lanbide bertsuko lagun bat Zangozan, urtero baba beltz berri txiki-txikia ekartzen ziona. Baita hark hango erreketan arrantzan egindako amuarrain arrosak ere, izokin itxurakoak, niri exotiko samarrak iruditzen zitzaizkidanak.

Ezin gero sudurretik kendu, Garesko kaleetan zehar udazkenero antzeman ohi den piper erre usaina. Garai batean urtean behin joan izaten ginen, igande pasa, Puente-la-Reinaraino, nekazarien emazteek espaloitan errenkadan jarritako danborretan –gaztainak balira bezala-- erretzen zituzten piperrak erostera. Kiloka erosi, etxeratu, banan-banan zuritu eta oliotan jarri edo paper berezitan bildu (orain, izoztu), gehiago iraun zezaten. Autoa garbitzea edo ehiza lumatzea bezala, gizonezkoen zeregina zen piper-zuritze hura: “zuk ekarri, zuk garbitu. Bestela, ez ekarri eta kitto”.

Marken larrainera itzuliz, azken hiruzpalau hamarkadetan euskal deitura eta guztiko izen berriak barneratu dira EAEko dendetan: Dantza, Gutarra, Martiko, Urzante… Gazte jendearentzat betikoak izan arren, guretzat ia-ia atzo agertu berriak direnak. Eta, besteak beste, marketina nagusi den garai honetan, ezin gero pentsa euskal izenen hautua ezustean edo noraezean hartutako erabaki arola izan daitekeenik. Aizu¡ Merkatua... merkatua da-eta.

Ildo beretik, gure merkatuan berri samarrak ere badira Erronkariko gazta (Ronkari, Larra, Ekia…), Baztango Idiazabal eta Nafarroa Behereko Agour. Eta, gaztaz gainera, gero eta gehiago online eskaintzen den (ez dakit zein neurritan erosten den) Baztango haragia.

Nafar produktuen eskaintza arrakastatsu honetan batere nabarmendu ez dena ardoa izan da. Euskal kanta zaharretan tradiziorik duen ardoa ez da, antza, Errioxakoaren aurrean burua altxatzeko gai izan.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: