Nafarrak erakartzeko ala arabarrak uxatzeko ote?
Gorka Maneiro (UPyD) legebiltzarkideak esan berri du: “Ez du zentzurik Euskadin lau parlamentu eta hiru ogasun izateak”. Eta zenbait egun lehenago, berriz, Lohitzune Txarola (Bildu) Gipuzkoako Batzar Nagusienetako lehendakariak: “Ez dut uste mundua eroriko litzatekeenik Gipuzkoako, Arabako eta Bizkaiko batzar nagusiak eta aldundiak desagertuko balira”. Hitzez hitz, behintzat, ezin esan adierazpen berdinak direnik baina musikaz, berriz, ezin berdintsuagoak. Mutur bietatik kritika beretsua egiten zaio Euskal Autonomia Erkidegoan indarrean dugun erakunde-egiturari eta, ikuspegi politiko kontrajarrietatik, proposamen berbera, alegia: legebiltzar bat, jaurlaritza bat eta ogasun bat.
Ez dut uste euskal lurraldeen apologia egiteko aukerakoena naizenik eta, gipuzkoarra edo bizkaitarra izatea bost axola zaidanez gero, ezta, behar bada, susmagarriena ere. Zer gerta ere, zilegi bekit lauzpabost hausnartxo laburbiltzea:
Euskal lurraldeak betidanik izan dira izenaren jabe. Ez dute zer ikusirik 1833n Espainian asmatu ziren probintziekin. Horra zergatik, gurean, lurraldeen eta euren hiriburuen izenak ez diren berdinak. Axularrek mende bi lehenago aipatu lurraldeak, besteak beste.
Izenaren jabe, historiaren jabe eta, ondorioz, hainbat legeren, araudiren eta eskubideren jabe. Mendez mendeko mataza hori dela-eta, espainiar Konstituzioak Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroa aipatzen ditu eta “foru-lurraldeen eskubide historikoak” babesten eta errespetatzen ditu. Horra, beraz, sortzez behintzat, zeinenak diren zorioneko eskubide historikoak.
Egungo Eusko Legebiltzarra, nolabait esateko, gehiago da Araba (25), Bizkaia 25) eta Gipuzkoa (25) lurraldeen “senatua”, arabarren (325.000), bizkaitarren (1.150.000) eta gipuzkoarren (700.000) “kongresoa” baino.
Labur esanda, inork uste al du Euskal Autonomia Erkidegoak legebiltzar bakar bat eta ogasun bakar bat balitu, arabarrek eta bizkaitarrek hogeitabosna ordezkari izango lituzketela harako legebiltzar bakarrean?
Eta amaitzeko, nago, Nafarroa dezente samurrago sartuko litzatekeela orain indarrean dugun Euskal Autonomia Erkidegoan, Gorka Maneirok eta Lohitzune Txarolak elkarrekin iradokitzen duten ereduan baino.
Baina, behar bada, helburua ez da nafarrak erakartzea, arabarrak uxatzea baino.
Beharbada, belaunaldi pilo bat beharrezkoa izango da geure buruak euskaldun edo baskoak bakar-bakarrik ikusteko. Bitartean, gure jaiotza-tasa hain baxu izaten jarraitzen badu eta datozkigun mairu emeen sabelak hain oparoak, ez dugu inolako arazorik izango etorkizun batean; denok Mecarantz egingo ditugu gure errezoak.