Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Ñabardura kontua

Ñabardura kontua

Amatiño 2017/11/07 11:05
Ez da gero, batere erraza ulertzea, zelan arraio izan daitekeen, Katalunian geratu ziren Oriol Junqueras presidente-ordea eta zazpi kontseilariak ziztu bizian kartzelan amaitzea, eta Bruselara hanka egin zuten Puigdemont presidentea eta beste lau gobernukideak, aldiz, kalean gelditzea.

Segurutik, Espainiako Justizia bezain justua da Belgikakoa --edo alderantziz--, baina, oraingo honetan behintzat, ezin argiago nabarmendu da zorioneko Justizia ez dela bat eta bakarra, baizik-eta hainbat interpretazio kontrajarri onartzen dituela.

Batetik, ez Espainian eta ez Belgikan, inork ez du ukatzen Kataluniako Generalitateak legea hautsi zuenik, baina Bruselan egoera zertan den aztertzeko gertu bide dauden artean, Madrilen, hasiera beretik, ezelango epaiketarik gabe, erabaki zuten errudunak errudun larriak direla eta, nonbait, hurrengo hogeita hamar urteak barruan pasatu beharko omen dituztenez, hobe dutela albait arinen hasi eta akabo. Zertarako, ba, denbora galtzen ibili…

Bestetik, ez Espainian, ez Belgikan --ezta Europar Batasun osoan ere--, inork ez du uste Kataluniak independentzia lortzeko eskubiderik daukanik, gaur egungo indar-orekan eta legearen baitan, behintzat. Baina, hala ere, Bruselan arazo politikoari erantzun politikoa zor zaiola uste duten bitartean, Madrilen argi eta garbi dute --erantzun bakarra legezkoa baino ezin denez gero izan-- ez duela firin-faran ñabardura antzutan ibiltzerik merezi. Legea lege, legea latz bete, eta kitto.

Nolabait esateko, Belgikako eta Espainiako justizia-sistemen artean aldetxoren bat nabarmentzekotan, badirudi Belgikan, lehen eta behingoz, hiritarren eskubideak direla aurrenik bermatu beharrekoak, eta Espainian, ostera, Estatuaren eskubideak. Behar bada, ñabardura-kontua besterik ez da, baina, hori bai, ñabardura azpimarragarria.

Aurrera begira, leun samarra izan behar omen zuen 155 artikuluaren ezarpena ezin zorrotzagoa gertatzen ari da Estatuko Fiskaltza Nagusi sasi-independienteari esker; eta bake-antza eratzekotan ziren hauteskundeok, uste gabeko maratilak eskainiko dituzte hurrengo egunetan. Parlamentuaren Mahaiaz zer egin nahi duten ikusi besterik eztago.

Seguru, gero, ez garela aspertuko.

Euskadi Irratia. Albiste Faktoria

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: