Muskiztik dator barria
Hainbat euskalarik nolabaiteko eztabaida izan zuten, euskaraz, 1929ko otsailean Bilboko egunkariren batean, izparringi izenaren nondik norakoaz, besteak beste. Nonbait, izpar hitzaren sorreratik urrutiegi ibili ez zen Sabino Arana "idazleari" (ordurako 1903an hila) leporatzen zitzaion honako iritzi hau esan izana: “gaur erderatik artutako barrija”. Aranak ez zuen segurutik zalantzan barria (zaharra ez dena) zentzuaren euskal jatortasuna baina uste zuen, aldiz, barria (albistea) ez zela inondik ere aspaldikoa, XIX. mendean erdaratik hartua baino.
Kontrakorik frogatzeko Aingeru Irigaray euskaltzainak gogorarazi zuen hiru mende lehenago Axularrek idatzitako esaldia “eztaki probeak oturuntze on baten berririk”. Eta Justo Garatek, ostera, Muskizko Lope Gartzia Salazar oinaztarrak (1399-1476) Bienandanças e Fortunas istorio-bilduman jasotakoa gogoratu zuen. Hau da:
Juan Santxez Saltzedo Aiarako jaunak Juan Ortiz Valmaseda Gaztelako Erregeren dirutzaina erail zuen 1420an eta, hartaz idazterakoan, Lope Gartzia Salazarrek zehaztu zuen: “por esta muerte se dixo en vizcaya i en las comarcas de las vascongadas cer varri que quere decir que nuevas, e respondieronle va barria que quere desir buenas nuevas”.
Justo Garatek berak honen berri eman zuen 1929an bertan (RIEV, XX, 460-461 orr.) eta ezarri: “No creo pues que nadie pueda ya honradamente dudar de que barri es ya antiguo en euskera y de que en el texto citado aparece en el significado de noticia”.
Hiru hamarkada geroago (Textos arcaicos vascos. Madrid, 1964), Koldo Mitxelenak baietsi zuen Bergarako jakintsuaren iritzia: “J. Garate advierte con razón que éste es el más antiguo testimonio de barri “nuevo” (oriental berri) en la acepción de nueva, noticia. La respuesta <…> a la pregunta es acaso va(da) barria “hay noticia(s)”.
Muñatoiz dorretxean preso
Baina Koldo Mitxelenaren erudizioa ez zen testu zaharren azterketa soilean agortzekoa eta, bide batez, testuinguruaz ere beste hainbat xehetasun eskaini zigun. Izan ere, gure hizkuntzalaririk ospetsuenak gogoratzen duenez, Lope Gartzia Salazar preso zegoen bere Bienandanças e Fortunas idatzi zituenean. Aita-semeak haserretu ostean, Juan Salazar “El Moro” maiorazkoak aita atxilotu eta giltzapean preso hartu zuen Muskizko Muñatoiz dorretxean.
Leku ederra, nonbait, istorioak kontatzeko.