Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Musika zeltaren “topaketa” Donostiako Hamabostaldian

Musika zeltaren “topaketa” Donostiako Hamabostaldian

Amatiño 2018/08/21 12:25
Horra non, Musika Hamabostaldiaren barrena, beste behin elkarrekin bildu diren Irlanda, Eskozia, Bretainia eta Galiziako musika zeltak. Beti ere komenigarri lantzean behin biltzea, ez baitute alferrik osatzen “ondarerik aberats eta ederrenetako bat, Mendebaldeko Europan egun dirauen musika-tradizio bizi guztien artean."

Jordi Savall (Igualada, 1941) ganbabiola-jotzaile ospetsuak gazte, jakitun eta kemen jarraitzen du, Donostiako Musika Hamabostaldian barrena erreskadan eskaini berri dituen hiru ekitaldietan erakutsi bezala: igande gauean Senperen; astelehen goizean, Donostiako San Telmon, eta, iluntzean, Victoria Eugenia antzokian.

Igande gauean, gainezka bete zen (750 lagun inguru) Senpereko Saint Pierre eliza, non Jordi Savallek – Frank McGuirekin (bodhran) eta Andrew Lawrence-Kingekin (harpa irlandarra eta salterioa) batera— aire irlandarrak, eskoziarrak eta euskaldunen bat edo beste eskaini zituen, bere musika historikoaren ildotik abiatuz.

Giro benetan hunkigarria suertatu zen Senpereko “entzule xumearen aurrean”, biharamunean San Telmoko hitzaldian zehar Savallek berak jendaurrean aitortu zuenez. Eta barkamena eskatu zuen, eliza barruko sargoria zela-eta, antzinako musika-tresnak tarteka-marteka fintzeko saioa behin eta berriz eten beharragatik.

Ez horren hunkigarria, behar bada, baina beti ere ederra gertatu zen igandekoa, leporaino bete zen Victoria Eugenia antzokian (900 lagun). Jordi Savallen eskola historikoari atxiki zitzaion Carlos Nuñez gaitajotzaile galiziarrak --Pancho Alvarezekin (caipira viola) eta Xurxo Núñezekin (perkusioak, panderetak eta pandero galiziarrak) batera-- ordezkatzen duen tradizio eraberritua.

Horra non, beraz, beste behin, Irlanda, Eskozia, Bretainia eta Galiziako musika zeltak elkarrekin, ez baitute alferrik osatzen “Mendebaldeko Europan egun dirauen musika-tradizio bizi guztien artean ondarerik aberats eta ederrenetako bat”.

 Jordi Savalll Senperen

Jordi Savall eta Andrew Lawrence-King, Senpereko elizaren aldare aurrean

-- Inrteresgarri litzateke aztertzea zergatik --edo zer dela eta-- euren herri-musika horren ondo gorde eta garatu duten herriek ez duten beste horrenbeste egin hizkuntzaz, baina hori beste baterako gaia da.



Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: