Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Musika-tresnek sexurik al dute?

Musika-tresnek sexurik al dute?

Amatiño 2022/03/12 23:45
Zergatik euskal kantagintzaren andana berrian ia den-denak emakumeak dira eta, alderantziz, ez da inon ikusten baxu elektrikoa joko duen neskarik? Tuba jotzea maskulinoa al da? Zeharkako flauta, berriz, femeninoa ote? Mutilek ezin al dute dantzari (1) izan?
Musika-tresnek sexurik al dute?

Orreaga musika-eskolaren argazkia

Aurten berrogei urte beteko dira Euskadiko Orkestra Sinfonikoa sortu zela. Euskal musika-erakunde berriak lanpostuak eskaini zituenean,  1982an, musikari-merkatua nabarmen urria zen euskal gizartean. Valentziar udalerri-bandetako haize-jotzaileei lan-postu aukera zabaldu zitzaien Euskal Herrian, Europa ekialdeko sokakoek ezusteko mauka aurkitu zuten gurean eta hainbat frantsesek bertatik bertara gainditu zuen muga. Gehien-gehienak, gizonezkoak. Berrogei urte geroago, ostera, aitzindarien jubilazioa eta belaunaldi-aldaketarekin batera, harrobiko musikari gazteak nabarmen gehitu dira eta euren arteko genero-oreka begi-bistan parekatu.

Baina generoaren arabera musikari gazteak kopuruz berdindu badira ere, honek ez du esan nahi denek denetik jotzen dutenik. Inork zehatz-mehatz ez dakizkien zergatiengatik, kontua da musika-arloaren zein musika-tresnaren aukera egiterako orduan nesken eta mutilen hautuak ez direla berdinak.

Arrazoiek ez dute beti oso musikalak ematen. Esangura dut, edozein orkestratan sokako tresnak badira ere ugarienak, eta emakumeen eta gizonezkoen arteko partaidetza berdintsu samarra izan gaur egun, neskak nagusi dira honezkero biolin (2) eta biola jotzen, oraindik ere gehiago dira mutilak biolontxeloan, eta nabarmen nagusi jarraitzen dute kontrabaxuan. Neurriak zer ikusirik izan al dezake?

Haizezkoak dira, kopuruz, bigarren musika-tresnak; bi motatakoak: zurezkoak (oro har txikiagoak) eta metalezkoak (handiagoak). Zurezkoetan (flauta, oboe, klarinete, fagot…) emakumeak gero eta gehiago dira eta metalezkoetan (tronboia, tronpa, tronpeta, bonbardinoa, tuba..) gizonezkoak, ia-ia denak. Hartara, tuba izanik musika-tresnarik handiena eta metalezkoa gainera, nekez gero emakumerik tuba jotzen ikustea... Nekeza bai, baina ez ordea ezina, bada, honezkero, mito hori hautsi duenik. 

Muga fisikoak (?) baino, urte askotako joerak, ohiturak, moldeak eta ereduak dira hainbat esparrutan emakumeen presentzia eragozten darraitenak. Esaterako, orkestra-zuzendarien eta konposatzaileen artean erreferentziazko irudia arra da, perkusioan (tinbalak, danborra, marinba, platertxoak, gonga, triangelua…)  ere gizonezkoak izan ohi dira argi asko nagusi, baina, kantuan, pianoan, musikologian eta pedagogian, emakumeek harrapa eta pasa egin dute.

Fenomeno hau ez da Euskal Herrian soilik gertatzen. Zenbait kontserbatorio-arduradunen ustez, musika-diziplinaren eta tresnen hautuak eskolan sartu aurrekoak bide dira. Hau da, ezin omen dakieke jarrera musika-ikastaroei leporatu, ez eta irakasleen nolabaiteko baldintzapen edo eraginei ere, ikasleek matrikulatu aurretik baitakarte joera. Gizarte-estereotipoak dira.

Hartara, ez da unibertsitate mailako musika-ikasketetan soilik ematen. Alegia, zergatik euskal kantagintzaren andana berrian ia denak emakumeak dira, jazza gizonezkoen larraina,  eta ez da inon ikusten baxu elektrikoa joko duen neskarik? Mutilek ezin al dute dantzari izan?

1) Gaur, larunbatez, Donostiako Victoria Eugenia antzokian, Aukeran Dantza Konpainiak (Edu Muruamendiaraz) aurkeztu du estreinako "Migratzaileak" ikuskizuna. Zergatik zortzi dantzarietatik bi baino ez dira gizonezkoak izan? Zergatik hainbaten burutan dantzari izate hutsak zalantzan jartzen du "erabateko" gizontasuna?

2) Azken boladan, neskek aurrera egin ahala, Pablo Sarasate (biolina) edo Nikanor Zabaleta (harpa) bezalako nazioarteko maisuak miretsi izan ditugun Euskal Herri honetan, badira eskola-mutilen artean euren ikaskideak iraintzen, trufatzen, isekatzen eta gutxiesten dituzten nerabe-taldeak, biolina edo harpa jotzeagatik  "behar bezain arrak ez direlako".

Aukeran dantzariak
MIGRATZAILEAK. Aukeran Dantza Konpainia. Zuzendaritza, Edu Muruamendiaraz. Dramaturgia eta eszena, Oier Guillan. Musika, Xabi Aburruzaga. Dantzariak: Ane Anza, Bingen Esturo, Ane Etxeberria, Unai Iraola, Maier Muruamendiaraz, Nahikari Sanchez, Uxue Sanchez, Danel Serrano eta Claudia Talavera. Bart eta gaur, Donostiako Victoria Eugenian. Martxoaren 25ean, Bilboko Arriagan.
Oier A.
Oier A. dio:
2022/03/13 08:00
Dantzarion kasuan oso nabarmena da azken 10 urteotan joera hori, dantzaren feminizazioa sakondu egin dela. Gure talde eta dantza eskoletan argi ikusi dugu. Berdintasuna eskubideen mailan sendotu arren, genero-identitateen bereizketa eta horiei lotutako estereotipoak indartu egin direla iruditzen zaigu, eta horrek izan dezakeela eraginik. Dantzaren kasuan behintzat hala iruditzen zaigu, baina aztertzeko kontua da, bai.

Musikan tresnen araberako genero banaketa hori agerikoa da. Unibertsitate ikasketetan, eta ondorioz lanbideetan ere gertatzen ari da: batxilergoan eta unibertsitatean emakume gehiago dago gizonezko baino (55/45), lanbide heziketan berriz gizonezkoak nagusi, baina ikasketetan estereotipoak ageri dira: irakaskuntzan emakumeak gehien, eta haur hezkuntzan apenas dagoen mutilik, ez karreran ez lanean, baina gorputz heziketan gizonezkoak ugari. Osasun eta gizarte zientzietan emakumeak gehiengo; injeniaritzetan eta informatikan gizonezkoak.

Oro har ikasketetan emakumeek emaitza hobeak dituzte, baina lana aurkitzeko orduan gizonak kontratatzen dira gehiago, eta gainera, soldata altuagoak eskuratzen ditugu.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: