Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Musika-jaialdiak, bidean galdutako musika bila

Musika-jaialdiak, bidean galdutako musika bila

Amatiño 2023/09/07 19:10
Hamazapi urte nituen nik, 1963an, Manuel Iradier elkarteak “Festival Vasco” jaialdia eratu zuenean, estreinako, Mairuelegorreta leizean. Ezkon-bidaian nintzen berriz, 1969ko abuztuan, Woodstockeko “musika eta arte azoka” mitikoa lehen aldiz antolatu zenean New Yorken. Gaur, nire bilobak ditu 17 urte eta Euskal Herria ez da, inondik ere, ordukoa. Ezta musikaldiak ere.

Mairuelegorreta eta Woodstockeko jaialdi bion nondik norakoak arras berdinezak ematen duten arren, bietan nabarmendu zen komunitatearen garrantzia eta, bakoitza bere erara, biak ialgi ziren inguruan zuten kultura ofizialaren kontra. New Yorken, amerikar kapitalismoaren statu quoaren eta Mendebaldeko materialismoaren aurka loratu zen hippie mugimenduaren susperraldia. Zigoitian, ostera, frankismoari aurre eginez, euskal kulturaren aldeko pizkundea.

Mende erdi geroago, belaunaldi biren buruan, egoera erabat aldatu da eta ordukoak ezer gutxi balio du egun: komunikate-zentzua nabarmen ahuldu da; gehiago edo gutxiago gustatu, indarrean dagoen statu quoa ez dago zalantzan; gazte jendeak ordena hobetu nahi dezake baina ez hautsi; aisialdiak kontsumoa du ezinbesteko lagun; plana ez da musika entzutea, musika entzutera joatea baino; musikak, oro har, ez du dirurik ematen eta profesionalizazioa gero eta zailagoa da.

Giro honetan, Jon Urzelaik “SU FESTAK. Euskal musika jaialdiak XXI. mendean” izenburupeko saiakera argitara eman du (Susa liburuak, 2023), data, datu eta zertzelada mordoxka zehatz eta ugari eskainiz. Ondoko interpretazioekin bat etor gaitezke edo ez, baina Urzelaik bere ildoa darrai, zer gerta ere “edukiak baino edukiontziak lehenesten dituen paradigma” (1) auzitan jarriz.

Urzelairen aburuz, azken hamarkada biotako musikaldien antolaketa-esparruan nagusitzen ari den modua “Guggenheim eredua” baino ez omen da. Alegia, sekulako inbertsio handiak kulturaren aitzakiaz, hirigintza baldintzatzeko eta turismoa erakartzeko, beti ere gehiago nazioarteko marka eraikitzeko tokian tokiko herrigintza sustatzeko baino.

Urzelaik salatu ere salatzen ditu, jaialdi galant eta handi-mandien antolakuntzaren larrainean gero eta gehiago susmatzen omen den oligopolioen eskuartzea eta normalegitzat onartzen diren diru-laguntza publikoen partaidetza. Nolabaiteko normaltasun-simulakroaren magalpe horretan, musikaldiak eratzen jarraitzen baldin badira, ez omen da musikarengatik, inguruan eragin ohi den merkatu eta kontsumo-eskari eta eskaintzarengatik baino.

Honek guztiak ez du esangura, ordea, Urzelai jakineko irtenbideren baten jabe denik. Nahiz zenbait aterabide antzeman, aitortzen du ez duela alternatiba errazik sumatzen;  normaltasuna aldarrikatzea normalak izatea baino errazagoa dela; txikitasuna eta hurbiltasuna onerako izan daitezkeen arren, kantari eta musikagileei nekez uka dakizkiekeela inork nolabaiteko profesionalizazioa lortu nahi izatea edo nork bere bidea jorratzen ahalegintzea.

Eta, besteak beste, moldatu eta plazaratu berri duen saiakerak sektorearen eztabaida eta hausnarra sustatzea baino ez duela xede. Ez da gutxi.

1) Hala ere, musika-jaialdietan ez ezik, bestelako ekitaldi, esperientzia, bidaia, bizimodu,  egitasmo eta jarreretan ere joeraz kanpo dagoen paradigma, hain zuzen.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: