Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Musika garaikidea, biolontxelo elektronikoaren ildotik

Musika garaikidea, biolontxelo elektronikoaren ildotik

Amatiño 2023/12/03 19:25
Katharina Gross biolontxelo-jotzaileak eta Aurélio Edler-Copes konpositoreak elkarrekin eskaini dute gaur kontzertua*, Musikenen, XIII. Musika Garaikidearen Zirkuitoaren barruan. Eraz eta moldez, ezusteko ikuskizuna, ohiko musika garaikidea baino harago doana. Beti ere, musikaren berri hitzez kontatzea zail baldin bada, zer esanik ez bikote honek eskaintzen duenaz.
Musika garaikidea, biolontxelo elektronikoaren ildotik

Aurélio Edler-Copes

Aurélio Edler-Copesen eta Katharina Grossen emaitzak biolontxelo elektronikoa du abiapuntutzat. Laburbilduz, prozesu analogikoen eta digitalen arteko fusioa du lantzen, denetariko tresneria (sintetizadoreak, sanperrak, anplifikatzaileak, pedalak…) biltzen, molde berriak (soinu-berrezarpenak, erreberberazioak, ‘vocoder’ sistema…) baliatzen, interpretearen beraren ahotsa (soinu guturalak, arnasa-zaratak, errepikapenak, marruak… ) zuzenean ezartzen eta, guztia, nolabaiteko “mise en scène” aproposaz (iluntasuna, kea, argi-jokoak…) jarritako taulan, non ikusentzuleak esertzen diren artistaren inguruan, bertatik bertara, hurbil asko, bueltan-bueltan.

Honen guztiaren atzekaldean Edler-Copes konpositorearen** oinarrizko hiru irizpide daude. Bat, brasildarra izanda, ez duela berak Europako musika tradizio klasikoarekin bat etorri beharrik eta, hain zuzen ere, akademizismoa hausteko garaia dela. Bi, ez duela zentzurik musika elektronikoa lantzen aritzeak, baldin interpretea bere kasa arituko bada, betiko ohiko modu konbentzionalean, eta elektronikaren ezarpenak paraleloan diharduen alboko teknikariaren ardura izaten jarraituko badu. Eta hiru, muntaia teknologikoek giza-protagonismoa murrizten dutela salatzen dutenen iritziaren kontra, dena elkarrekin eta aldi berean fusio egin ahal izanak frogatzen duela teknologiaren beraren gizatasuna, funtsean teknologia ere giza-egintza bat gehiago baino ez delakoan. .

Zer nahi delarik, ikusentzulearen aldetik, efektua ez da munduko miragarririk handiena, baina bai ikusentzunmira sortarazteko bestekoa. Hainbat pasartetan, nork daki Hitchcock-en film-banda ote den, estralurtarren etorrera, akelarretako burrunbadaren durundia, Nepalgo monasterioetako otoitz eta kanpai-hotsa edo xamanen hipnosi-puntua. Baina esperientzia bai, izan bada.

Edler-Copes konpositoreak berak aitortu bezala: "ideia muturrera eraman ahal izatea, nahiz  huts egiteko arriskurik izan, kitzikagarria da"

*Helga Arias, Erika Vega eta Auràlio Edler-Copesen (Transformation) eresiak. Argiztapena, Ania Rodriguez eta elektronika, Aurélio Edler-Copes.

**Izatez, aurrenik gitarra elektronikoaz titulatua da Brasilen eta ondoren, konposizioan,  Musikenen bertan, Gabriel Erkorekaren eskutik.

Katharina Gross
Katharina Gross biolontxelo-jotzailea, Donostiako Musikenen, gaur eguerdian.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: